ELAk eta LABek Gipuzkoako egoitzetako gatazkari amaiera emateko akordio-proposamena erregistratu dute LHKn

2020/12/15
ELAk eta LABek Gipuzkoako adinekoen egoitzen hitzarmenerako eduki-proposamena erregistratu dute Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), Donostian. Elkarretaratze batean, LHKren aurrean, mezu zuzena bidali diete patronalei; izan ere, “Aldundiarekin batera, ia lau urteko gatazkaren ostean, sektorean oraindik akordiorik lortu ez izanaren erantzule dira".

ELAk eta LABek Gipuzkoako adinekoen egoitzen hitzarmenerako eduki-proposamena erregistratu dute Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), Donostian. Proposamena ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin bere garaian lortutako akordioaren oso antzekoa da, eta patronalek egoitzetako langileei hainbatetan ukatu dieten hitzarmen probintziala lortzea ekarriko luke.

"Lau urteko negoziazioaren eta bi urte eta erdiko grebaren ostean, inoiz ez da benetako negoziaziorik egon LHKn, patronalak denbora horretan egin dituen proposamenak langileen haserrea eta gaitzespena sortzeko izan dira, eta ez akordioa lortzeko asmoz", deitoratu dute sindikatuek.

Ziurtatu dutenez, hitzarmena ez negoziatzearen puntu gorena patronalen akordio partzialarekin iritsi zen, UGTren ordezkaritzaren % 9arekin. "Benetako errespetu falta sektoreko langileekiko eta aurretik ezagututako edozein negoziazio-kulturarekiko".

ELAk eta LABek azpimarratu dute unea dela funtsezko sektore horren gatazka konpontzeko, langileen baldintzetan jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa egingo duen hitzarmen baten bidez.