ELAk euskal administrazioei galdegin die neurri guztiak har ditzatela, LEPak aldi baterako atzeratzea barne, behinbehinekotasuna pairatzen duten langileen benetako kontsolidazioa bermatze aldera

2021/06/10
Sindikatuak eskari hau hainbat eremu eta sektoretan egin du, eta ekainaren 16ko Mahai Orokorrera eramango du. ELA azken urteetan sektore publikoan mobilizazio eta greba dinamika bat egiten ari da, helburu argi batekin: sektore horretan EAEn eta Nafarroan diharduten eta prekaritatea pairatzen duten 70.000tik gora langileen enplegua kontsolidatzea, horrela zerbitzu publikoak indartu eta pribatizazioari atea ixteko.

Mobilizazio horien artean, joan den apirilean ELAk eta EAEko sindikatuen gehiengoak greba deitu zuten arlo publiko guztian gure erakunde eta alderdi politikoei galdatzeko bultza ditzatela lege-aldaketak milaka langile publiko hauek beraien enplegua kontsolidatua izan dadin.

Horrenbestez, gaur Madrilen eta Gasteizen lege-aldaketak ari dira eztabaidatzen, eta horrek araudiaren aldetik agertoki berri bat ekar dezake; ELAk hau baldintzatu egin nahi du mobilizazioaren eta interpelazioaren bidez, kontsolidazioa lortze aldera.

Haatik, egoera hau izanagatik ere, Eusko Jaurlaritzak eta udal zein Aldundi batzuek eutsi egin diete martxan diren LEPei, nahiz eta hauek, eskainitako kopuruak eta hautaketa prozesua medio, eremu honetako milaka langileren kontsolidazioa eragozten duten; areago, azken urteetan lanpostu batean jardun direnek enplegua galtzea ere eragin dezakete. Bestalde, parte hartzen dutenak LEP prozesua oso egoera fisiko eta emozional gogorrean egin beharrean dira, pandemiaren kudeaketak leher eginda utzi baitu arlo publikoko jende asko eta asko.

Horregatik, aste honetan bertan, hainbat mahai eta sektore-bileratan, ELAk berriz ere galdegin die Jaurlaritzari, beste erakundeei eta alderdi politikoei, berehala sustatu behar dituztela lege-aldaketa horiek, horrela kontsolidazio prozesu garantistak gara daitezen gure administrazio guztietan, 70.000 langile horien egoera kontsolidatzeko ; bitartean, beren esku dagoen guztia egin beharko lukete, baita LEPak behin-behinean atzeratu ere, plaza horiek galdu gabe beti ere, prozesu horiekin jarraitzeak kolektibo harengan eragin dezakeen kalte larriak ekiditeko.

ELAk eskari hauxe bera Funtzio Publikoko sailburuordeari egingo dio ekainaren 16an izango den EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bileran.