Hamalaugarren greba eguna Arabako zahar egoitzetan, hitzarmen probintzial duina eskatzeko

2021/06/11
Sektoreko langileek ekintza bat egin dute Legebiltzarrearen atarian. Arabako hitzarmen bat lortzearen garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, indarrean dagoen Estatu mailako hitzarmenak esplotazioa ahalbidetzen du.

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek deituta Arabako zahar egoitzetako hitzarmen probintziala exijitzeko hamalaugarren greba eguna izan da ekainaren 11a. Izan ere, estatalak ez ditu gutxieneko lan baldintzak bermatu ere egiten: besteak beste, 997 euroko soldata gordina eta urtean 1.792 lanordu ezartzen ditu; gauez 10 ordu lan egitearen truke, 17 euroko gehigarria; edo jaiegun batengatik, 18,32 eurokoa. Gainera, ratio eskasek zaintza zerbitzuetan eragin zuzena dute.

Langileak bi urte baino gehiago daramate erreibindikazio berdinarekin, baina enpresek ez dute patronalik eratzeko egitasmorik eta, beraz, ez dago negoziatzeko biderik. Bitartean, Aldundiak ere ez ditu enpresariak mahai baten inguruan esertzera behartzen eta Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak oraindik 100%ean mantentzen ditu pandemia aitzakitzat hartuz, nahiz eta egoiliar guztiak bi txertoak jarrita dituzten.