HEZKUNTZAKO SUKALDE ETA GARBIKUNTZA
ELAk Eusko Jaurlaritzak egindako pribatizazioak salatu ditu

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bilboko CEIP Artatse eskolako sukaldea pribatizatuko du urriaren 9tik aurrera, bi plazak amortizatuta. ELAk urteak daramatza Hezkuntza Sailaren pribatizazio estrategia salatzen eta langileak hori saihesteko mobilizatzen. Gainera, sindikatua kexu da Eusko Jaurlaritzak ez diolako erabakia jakinarazi. Langileak izan dira ELAri gertatutakoaren berri eman diotenak. "Erabaki hori alde bakarrez hartu da", dio, eta gogorarazi du gauza bera gertatu zela joan den ikasturtean, Hezkuntza Sailak, bere kabuz, eskola askotan catering zerbitzua sartzea erabaki zuenean.
ELAk ohartarazi du zerbitzuaren pribatizazioak langileen lan baldintzak prekarizatzean sakontzen duela eta ikasleei ematen zaien zerbitzua ere kaltetzen duela. "Ezin dugu lanpostu publikoen pribatizazioa onartu", azpimarratu du.
Hala, sektoreko lan baldintzen eta eskubideen alde eta Sailaren pribatizazio asmoen aurka mobilizatzeko deia egin du. Ildo horretan, ELAk uste du urriaren 24rako eta 25erako eta abenduaren 19rako sektore publiko osoan deitutako grebak inflexio puntua markatu behar duela borroka horretan ere.