FUNTZIO PUBLIKOAREN MAHAI OROKORRA

ELAk Eusko Jaurlaritzaren autoritarismoa kritikatu du

2025/02/03
100.000 langileen lan baldintzak negoziatzeko ELAk Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilerara ez da Eusko Jaurlaritza bertaratu. ELAk bileran izan diren gainerako sindikatuei adierazi die komenigarria dela hezkuntza sektoreko greben dinamikari eustea eta dinamika hori areagotzea eta Jaurlaritzaren eremuko gainerako sektoreetan aktibatzea.

ELAk deituta zuen EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra LHKn, sindikatu nagusia izanik. Ordezkaritza duten gainerako sindikatuak (LAB, CCOO eta UGT) bertaratu dira, baina ez Eusko Jaurlaritza. ELAren arabera erabaki hori oso larria da, eta Pradalesen Gobernuaren jarrera autoritarioa erakusten du, sindikatuekin egokitzat jotzen duenean bakarrik elkartzen baita. ELAk deitoratu du Eusko Jaurlaritzak erabakitakoaz bestelako negoziazio esparrurik ez izatea, eta kritikatu du Mahai Orokorraren azken akordiotik 15 urte igaro izana ekarri duela jarduteko modu horrek.

Eusko Jaurlaritzak argudiatu du martxoaren 18rako aurreikusita dagoen bilerara joango dela, eta hori aitzakia bat da ELAren iritziz. ELAk beharrezkotzat jotzen du beste negoziazio bide batzuk aktibatzea, sektore publikoaren egungo egoera dela eta:

Azken hiru urteetan soilik Eusko Jaurlaritzako langileek % 5,8ko erosahalmena galdu dute, eta 2025erako soldata izoztea. Gainera, plantillaren % 41 (40.000 langile baino gehiago) behin-behinekoa da (Eustaten 2024ko datuak).

Azaroaren amaierako Mahai Orokorraren azken bileran, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen soldatak eta enplegua Madrilek erabakitzen dituela. Hala ere, Mahai Orokorrak eragindako kolektibo batean, Ertzaintzan, soldatak igo ditu, gainerakoetan eskumenik ez izatearen aitzakiari eusten dion bitartean.

Gauzak horrela, ELAk bileran izan diren gainerako sindikatuei adierazi die komenigarria dela hezkuntza sektoreko greben dinamikari eustea eta dinamika hori areagotzea eta Jaurlaritzaren eremuko gainerako sektoreetan aktibatzea.