ELAk Legebiltzarrari eskatu dio atzera bota dezala Jaurlaritzaren Kontsolidazio Legea, Estatu osoko behin-behinekotasun tasarik altuenari eusten diolako

2021/03/15
Euskal alderdi politikoei dei egiten die sektore publikoan aldi baterako kontratuarekin lan egiten duten ia 60.000 langileren enplegua kontsolidatzeko beharrezkoak diren benetako urratsak ematera. Sindikatuaren ustez, Madrilek ezarritako oztopoak ezabatzea ahalbidetuko lukeen lege baten alde bozkatu beharko lukete, behin-behinekotasuna betikotu besterik egingo ez duen lege bat babestu ordez. Gaineratu dutenez, lege horrek egungo argazkia inoiz ez errepikatzeko mekanismoak ere jaso beharko lituzke. ELAk greba deitu du apirilaren 22rako sektore publikoan.

Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean egindako agerraldian, ELAko ordezkariek euskal alderdi politikoei eskatu diete atzera bota dezatela Eusko Jaurlaritzaren Kontsolidazio Legea, Estatu osoko behin-behinekotasun tasarik altuenak eragin dituena. Sindikatuaren ordezkariek adierazi dutenez, Jaurlaritzaren proposamenak – Lehenago Enpleguaren Lege Proiektuan eta Poliziaren Legean eta orain Kidego eta Eskalen Legean sartu dituenak – , ez du aukerarik ematen behin-behineko kontratua duen % 40aren enplegua kontsolidatzeko. Gaineratu duenez, proposamen horrek "behin-behinekotasunaren gaitza" pairatzen duten langileen % 80 baino gehiago kanpoan uzten ditu, eta gainerako % 20ari ere dio ezer bermatzen. "Behin-behinekotasun hori Espainiako Estatuko eta Europako altuena da eta zerbitzu publikoekin negozioak egiteko eta pribatizatzeko aurretiazko urratsa da", deitoratu dute.

Era berean, batzordean enplegu publikoa kontsolidatzeko bere proposamena aurkeztu du sindikatuak. Horrek goian aipatutako helburuak lortu dituela azpimarratu du, eta aurretik Gasteizko eta Iruñeko Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eta euskal alderdi politikoei helarazi zaiela baieztatu.

Proposamen hori langileekin eztabaidatzen eta lantzen ari dira, onarpen handiarekin. ELAk adierazi du bere esku dagoen guztia egingo duela euskal administrazio guztietan aplika dadin.