ELAk ez du Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko hitzarmena sinatu, edukiak eskasak direlako

2021/05/28
LAB eta CCOO sindikatuek 2019-2022 iraupena izango duen hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Esku-hartze Sozialean. ELAk ez du hitzarmena sinatu, bere edukiak ez direlako nahikoak. Soldatetan, adibidez, KPIaz gain urteko %0,2 da bermatuta dagoen igoera bakarra. Gainontzeko edukiei dagokienez, oso konpromiso gutxi daude patronalaren aldetik. Azken finean, langile hauek sektore publikoko baldintzetatik urrun jarraituko dute.

ELAk sektorean duen arduradun Maia Beitiaren ustez, akordioaren edukiak eskasak dira. “Soldatei dagokionez, igoerak oso eskasak dira. Lau urteko iraupenean KPIaz gain urteko %0,2 da bermatuta dagoen igoera bakarra. Gainontzeko edukiei dagokienez, oso konpromiso gutxi daude patronalaren aldetik: murrizketa astean edo hilabetean akumulatu ahal izatea, oporrak 5 bloketan hartu ahal izatea edota ospitaleko baimenak egun alternoetan hartu ahal izatea. Albo batera uzten dira lan osasuna, Berdintasun Planak adostuak izatea, 60 urtetik gorakoen egoera hobetzeko konpromiso erreala eta telelanaren legea hobetuko duen edukia, besteak beste”.

Sektore publikoko baldintzetatik urrun jarraituko dutela azpimarratzen du Maiak. “Esku-hartze Sozialeko sektorea publifikatzeko hiru greba egun egin ditugun urte honetan hitzarmen berri honek publikoko eta pribatizatutakoen arteko baldintzen arrakala handiagotzen ditu. Arlo publikoan azken hiru urteetan igoerak handiagoak izan dira: 2019an %2,5; 2020an %2 eta 2021ean %0,9. ELAtik kalean aldarrikatzen dena mahaian ere bete behar dela uste dugu. Sektoreko langileen baldintzak hobetzeko bidean arlo publikoarekin parekatzen joateko aukera on bat galdu da”.