Gipuzkoako bidaiarien Garraioa

ELAk ez du hitzarmena sinatu ez delako lanaldia aski murrizten eta ez delako bermatzen langile guztien erosahalmena

2024/05/20
ELAk ez du Gipuzkoako bidaiarien garraioko hitzarmena sinatu LAB, CCOO eta UGT sindikatuek hitzartutako akordioak ez duelako lanaldia nahikoa murriztuko eta soldataren kontzeptu batzuetan ez delako KPIa bermatzen (plus batzuetan), besteak beste. ELAk lanaldiaren eztabaida erdigunean jarri du hasieratik sektore honetako negoziaketetan. Izan ere, 1.777 ordurekin luzeenetarikoa duen sektorea da, kasu askotan zerbitzu publikoa eskaintzen duen sektorea izanagatik ere. Horregatik, ELAk 1.592 orduko lanaldiaren bidean murrizketa zehatzak eta esanguratsuak eskatu ditu. Patronalak, aldiz, ez du auzi horri heltzeko borondaterik izan.

Hala ere, presioaren ondorioz, patronalak bere burua behartuta ikusi zuen murrizketaren inguruko aipamena jasotzeko. Baina, ELAren ustez, egindako azken proposamena ez zen aski, eta ontzat ematen du 1.777 orduko jarduna. Gainera, akordio horrek jasotzen du jardunaldia murriztuko dela Espainiako gobernuak hala erabakitzen badu. Hau da, akordioak hartutako konpromisoa honakoa da: Madrilen dekretu bidez lanaldia murrizten badute, murrizketa hori aplikatuko da sektorean. Ondorioz, akordioak espainiar Estatutik etor daitekeen lege aldaketaren menpe utzi du murrizketa.

Horregatik guztiagatik, eduki ekonomikoetan aurrerapausoak daudela ikusita ere, ELAk ez du hitzarmena sinatu. Izan ere, KPI igoera ez da kontzeptu guztietan ematen, eta bi kategorietan ez da ELArentzat gutxienekoa izan beharko lukeen soldataren langa gainditzen. Zigorretan ere neurriak gogortu dira.

Hori dela eta, ELAK ezetz esan dio hitzarmen horri.