ELAk ez du IMQ Zorrotzaurre klinikaren Hitzarmena sinatu, langileak pobretuko dituelako
Negoziazioak iraun bitartean, malgutasunez jokatu du ELAk, bai gainontzeko sindikatuekin bai eta enpresarekin ere. Hitzarmen berrian sartu nahiko lituzkeen aldaketak eta horien indarraldiak moldatzen joan da, akordioak lortu aldera. Aldatu ez duena, baina, soldata taulen inguruko iritzia izan da, KPIarekin batera hazi beharko liratekenak. Azken urte bietako bizitzaren garestitzeak langileriaren erosahalmenean sekulako eragina izan du, horregatik da hain garrantzitsua soldatak KPIarekin batera aldatzea. Hala eta guztiz ere, langileak pobretuko dituen Hitzarmena sinatzea erabaki dute SATSEk eta SAEk, eta horren aurka dago ELA.
Euskal sindikatuak publikoki salatu nahi izan du ere enpresak Hitzarmenaren negoziazioatik kanpo utzi nahi izana boto gehien dituen atal sindikala. Horregatik, adi ibiliko da enpresak Hitzarmenetik kanpoko urratsik eman ez dezan. Enpresak, azpijokoan, negoziazio-mahaitik at sindikaturen batekin adostutako ezer ez da onargarria izango. Plantillak duen negoziazio kolektiborako eskubidea urraezina da.
IMQ Zorrotzaurreko plantilla pobreagoa izango da gaurtik aurrera, nahiz eta lurraldeko osasun pribatuko enpresa-talderik handienean lan egin. Enpresak dirua badaukala argi uzten dute egiten ari diren obrek eta, kontrako epai judizial baten ondoren, hirurogeita hamar pertsona baino gehiago etxean, soldatapean eta hamar hilabetez uzteko gaitasunak. Hori gutxi balitz, beren lana egingo duten berrogeita hamar langile berri kontratatu behar izan dituzte eta, oraindik ere, Adeslasek milioika eurogatik enpresa erosi nahi izateak garden erakusten du enpresak dirua baduela. Zaila da sinestea egoera horretan dagoen enpresa baten bideragarritasun ekonomikoa arriskuan egotea soldata-taulak KPIaren mailan eguneratzagatik.