ELAk ez du onartuko 1.500 eurotik beherako soldatarik
Azkeneko bileran patronalek egindako proposamena -orain urtebete baino gehiago-, 2022an egin zutenaren bera da, eta sindikatu guztiek errefusatu genue nahikoa ez zelako; 1.306 €-ko soldata hileko gerokultoreentzat eta 1.690h urteko jardunaldia.
Orain hilabete Nafarrorako 1.500 euroko LGS propio baten alde egindako grebaren ondoren, zahar egoitzetako langileak ezin dira atzean geratu, eta bidezkoa da zaintza-sektore horretan lan egiten duten pertsonek zenbateko hori kobratzea gutxienez. ELAk sektoreko langileentzako eduki minimo zehatzak aldarrikatzen ditu: hileko 1.500 euroko soldatak, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria % 100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea.
Sindikatuak defendatzen du hitzarmen bat sinatzea dela langileen bizitza hobetzeko modua. Ondorioz, ELAk ez du sinatuko langileek orain arte borrokatu duten edukiak jaitsi edo erlatibizatuko dituen hitzarmenik, eta gainerako sindikatuak ere ez egitera animatu ditu. Gainera, azken hilabeteotan, Nafarroako Gobernuak patronalekin aliatzea erabaki du, eta negoziazioa ezkutuan egin da ELA sindikatuaren eskubide sindikalak errespetatu gabe. Ez da bidezkoa mahai negoziatzailean lehen sindikatua denari errespetu falta hau.
Sindikatuak mobilizazioekin eta grebekin jarraituko du, langileen baldintzak hobetuko dituen eta, azken finean, zaintza sistema ere hobetuko duen hitzarmen bat lortu arte.