ELAk ez du onartzen Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrera eraman duen proposamena murrizketei jarraipena ematen dielako

2018/09/19
Gasteizko gobernuaren proposamenak bere egiten du PPk UGT, CCOO eta CSIF sindikatuekin 2018ko martxoan egindako akordioa; honek babesa eman die austeritate-politikei, eta ez ditu indargabetu sektore publikoan azken urteetan hain ondorio larriak ekarri dituen dekretuak. Hori dela eta, Gasteizen izan den Mahai Orokorraren bileran ELAk ez du onartu Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak egin duen proposamena, hain zuzen, aurreko astean Josu Erkoreka bozeramaileak ezagutzera eman zuen berbera.

Proposatu duten soldata-igoera, erabat eskasa izateaz gain, Estatuak onartzen dituen mugen azpitik dago. Gainera, KPIarekiko ez du inolako erreferentziarik ezartzen; indize honen inguruko aurreikuspenak betez gero, berriz ere galera suposatuko luke eros-ahalmenean. Antzeko igoerak eginez gero, 30 urte baino gehiago beharko dira azken urteotan EAEko administrazio publikoetako langileek galdu duten eros-ahalmena berreskuratzeko (%15).

Itzarriri dagokionez, proposamenak BGAErako ekarpenetan murrizketak mantentzen ditu; 2011 arte gobernuaren ekarpena %3koa zen. Jaurlaritzaren eskaintza adar jotzea da; areago, kontuan izanik 2012 eta 2017 bitartean Itzarrirako ekarpenik ez duela egin.

Enpleguaren arloan Jaurlaritzak ez du ezer aipatu; hau oso larria da, eremu honetako aldi baterako enplegu tasa %35tik gorakoa baita.

Gaixotasun-bajetan lansarien %100 berrezartzeko Jaurlaritzaren erabakiari dagokionez, murrizketa hori Patxi Lopezen gobernuak ezarri zuen, eta ez zen inoiz aplikatu behar, herri-langileei zein zerbitzu horien herritar jasotzaileei eragin dizkien ondorio larriengatik.

ELAK Eusko jaularitzari eskatu dio negoziazio kolektiboko eskubidea berrezartzea eta benetazko negoziazio esparrua irekitzea, azken urteotan galdutako eros-ahalmenaren %15 berreskuratzeko, eta enplegu arloko akordioak lortzeko. ELArentzat premiazkoa da sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun tasarekin amaitzea, egoera horretan dauden behin-behineko milaka langileren lanpostuak finkatuz. Azken urteotan murriztu diren gainerako lan baldintzak ere iraultzea exijitzen dugu: Itzarri, garapen profesioanla, erretiro primak, errelebu kontratua, etab.

Bestalde, Josu Erkoreka lehendakariordeak administrazioko langile guztiei kode etikoa ezartzeko agertu duen asmoari dagokionez, argi daukagu adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria dela eta behargin publikoen izaera bera zalantzan jartzen duela, erabakiak hartzerakoan ezinbestekoa baitute objektibotasuna eta independentzia. Kode etiko hori serbilismoa eta klientelismo politikoa sustatzeko tresna besterik ez da. Beraz, Jaurlaritzari eskatu diogu proposamen hori berehala erretira dezala.

Azkenik, ELAk mobilizazioari eutsiko dio Jaurlaritzak bere austeritate politikak alde batera utzi ditzan eta Enplegu Publikoaren legegai hau aurrera atera ez dadin, ondorio larriak izango lituzkeelako bai arlo publikoan diharduten langileentzat baita, oro har, euskal herritarrentzat.