GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

ELAk Foru Gobernuaren inplikazioa eskatu du negoziazioak desblokeatzeko

ELAk Foru Gobernuaren inplikazioa eskatu du negoziazioak desblokeatzeko
Artxiboko irudia
Hitzarmenaren negoziazioaren blokeoaren aurrean, ELAk ekimen politiko bat sustatzeko eskatu die EH Bilduri eta Podemosi, Foru Gobernua patronalekin eta sindikatuekin hiruko bilera sustatzeko. Greba mugagabean dauden egoitzek 100 eguneko lanuztea gainditu dute eta dagoeneko zortzi dira, Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek otsailaren 27tik mobilizazioarekin bat egitea erabaki ostean.

ELAk deitutako Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) egindako bileran, ELAk eskatu du Foru gobernuaren inplikazioa Gipuzkoako erresidentzien negoziazioetan urratsak egin daitezen. EH Bilduko eta Podemoseko batzarkideek parte hartu dute, baita negoziazio mahaian dauden gainerako sindikatuek ere. EAJk ez du parte hartu beharrezkoa ez zela iritzita, PSEk ez zion deialdiari erantzun eta PPko batzarkideek desenkusatu egin zuten.

ELAk negoziazioan aurrerapausorik ez dagoela eta patronalek proposamenak aurkezteko gaitasunik ez dutela salatu du. Sindikatuaren arabera, enpresek bitartekari huts gisa jokatzen dute Aldundiak finantzaketa, ratioak eta zerbitzuaren baldintzak ezartzen dituen sektore batean, baina ez dio mugarik ezartzen lan-prekarizazioari.

Lan-baldintzen okertzea azpimarratu du sindikatuak: langileen ia erdiek borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte, eta soldata-arrakala 10.000 eurotik gorakoa da urtean. Testuinguru horretan, ELAk premiazkotzat jotzen du Foru Gobernuaren inplikazio zuzena negoziazioan gehiengoekiko errespetua bermatzeko eta funtsezko gaiak jorratzeko, hala nola kontratazio-ratioak, lan-baldintzak eta genero-arrakala.