POLIZIA EREDUA
ELAk gaitzesten du polizia batek Irunen herritar bati egindako erasoa

Ertzaintza eta Udaltzaingoa herritarrek baloratutako erakundeak izatearen alde egiten du ELAk. Horretarako ezinbestekoa da indarraren erabilera eta jarduerak proportzionatuak izatea, eta agenteak gai izatea objektiboki lekuz kanpoko jarduerak anbiguotasunik gabe gaitzesteko.
Oinarrizko eskubideak defendatzea eta herritarrak babestea xede duten funtzionario publikoek pertsona bat erasotu eta lurrean uztea oinarrizko gizatasunaren eta legezkotasunaren kontrakoa da. Era berean, larria da gertaera hori erakunde publikoetatik jakinarazi ez izana; beste behin ere, zalantza handiak sortzen dira Segurtasun Sailaren eskumenei buruz.
ELAren ustez, gertatutakoaren inguruko barne ikerketa egiteaz gain, beharrezkoa da hiritarren aurrean erantzun dezatela Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren tokian tokiko zein erkidegoko arduradun politikoek, eta ondoren, Eusko Legebitzarrean. Arduradun politikoek ezin dituzte horrelako gertaerak ezkutatu, gertatu ez balira bezala.