GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

ELAk Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio aurrekontuetako gizarte politiketako partida ez dadila eraikin berrietara soilik bideratu

2025/11/05
ELAk Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio aurrekontuetako gizarte politiketako partida ez dadila eraikin berrietara soilik bideratu
ELAk Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio aurrekontuetako gizarte politiketako partida ez dadila eraikin berrietara soilik bideratu

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako hitzarmena berritu ahal izateko mahai negoziatzailea urtarrilean jarri zen martxan. Bertan dauden Matia, Adegi eta Lares patronalek, ordea, ez diote erantzun ere egin 5.000 bat langile biltzen dituen sektoreko eskakizunei, eta mahaiak blokeatuta jarraitzen du.

Eskakizun horien artean, besteak beste, %100eko lan kontratuak izatea eta pairatzen duten 10.000 eurotik gorako soldata arrakala ezabatzea daude. Izan ere, sektoreko langileen ia erdiak lan kontratu partzialak ditu, eta langile publikoen (oso gutxi geratzen dira) eta lan bera baina subkontratatuta egiten duten langileen arteko soldata arrakala da aipatutakoa; genero diskriminazioaren ondorioa da hori, subkontratazioa feminizatutako sektoreetan gertatzen delako nabarmen, eta soldaten txikitzea dakar ondorioz.

Kontuan izan behar da zerbitzu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko zerbitzu publikoa dela. Bada, pasa den astean prentsan iragarri zuten EAJ-PSEren aurrekontu proiektua, eta iragarri zuten %12 handituko zutela gizarte politiketako diru partida, “gizarte azpiegitura berrien sorrera bultzatu, zainketen eraldaketa sustatu eta sortzen ari diren errealitate sozialei erantzuna emateko”. Partidaren handitzeko hori, ordea, azpiegituretara bideratu nahi da , %83, eta ez zainketak benetan eraldatzera eta hobetzera.

ELAk uste du EAJk eta PSEek aukera paregabea dutela eztabaidagai diren aurrekontuetan, eraikin berriak egiteko iragarritako 53 milioi euroz haratago, langileen aldarrikapenak ere kontuan hartuko dituzten aurrekontuak adostu eta genero berdintasunean pausuak ematen hasteko. Horregatik, sindikatuak oposizioari ere eskatzen dio ez dezatela onartu langileen aldarrikapenak jasotzen ez dituzten aurrekonturik. Hala nola, ratioen eta zerbitzuen hobekuntza.

Langileek dagoeneko bederatzi greba egun eginak dituzte eta beste 3 greba egun deitu dituzte azaroaren 19, 20 eta 21erako.