GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

ELAk grebaren lehen egunean izandako jarraipen zabala nabarmendu du

2025/06/11
Hitzarmen berriaren negoziazioan dagoen blokeoaren aurrean eta prekaritatearekin amaitzeko, ELAk elkarretaratzea egin du ADEGIren aurrean.

Inposatutako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan diren arren, Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako grebaren lehen eguna arrakastatsua izan da, ELAren arabera. Sindikatuak beste bost greba egun deitu ditu (ekainaren 12an eta 13an eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n), sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako eta patronalak “ez dituelako kontuan hartu langileen aldarrikapenak”. Gaur, ADEGIren aurrean egindako elkarretaratzean, langileek sektoreko hiru patronalei (ADEGI, MATIA eta LARES) eskatu diete benetako negoziazio bat ireki dezatela pairatzen duten prekaritatearekin amaitzeko.

Sektorean 5000 langilek egiten dute lan, gehienak emakumeak, eta horietatik % 40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. “Egoera hori negozio logika batean oinarritutako zaintza sistema bati eusteko baino ezin da azaldu, enpresa pribatuek eta irabazi asmorik gabekoek irabaziak lor ditzaten”, kritikatu du ELAk. Era berean, gogorarazi du zerbitzu publikoa dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak % 90ean finantzatzen duena, eta lan baldintza prekarioak nagusi direla.

ELAk zaintzaileen lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatu du, honako aldarrikapen hauekin:

- % 100eko lanaldiak dituzten kontratuak langile guztientzat

- Soldata arrakalarekin amaitzea

- 32 orduko lan astea, eta formulak ezartzea adineko langileek irteera aurreratu ahal izan dezaten.

- Arrisku psikosozialen planak gehiengo sindikalarekin adostutako zentroetan

- Langileak eta zerbitzua euskalduntzeko baliabideak

- Aurrerapenak trantsizio ekosozialean, besteak beste, menuetan hurbileko produktuak txertatuz

Lan baldintzen hobekuntza zerbitzuaren kalitatearen hobekuntzarekin lotuta dago, eta, beraz, ELAk mobilizatzen jarraituko du datozen egunetan:

Ekainak 12: Kontzentrazioak lantokietan eta eskualdeetan

Ekainak 13: Manifestazioa Donostian, 11:00etan, Gipuzkoa plazan