ELAk hiru greba eguneko deialdia erregistratu du
ELAk Bizkaiko egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorean hiru greba egun egiteko deialdia erregistratu du Eusko Jaurlaritzan. Grebak azaroaren 19an, abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean egingo dira.
Hamar hilabete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, GESCA, LARES eta ELBE patronalek, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, malgutasun eta lanaldi partzial handiagoa, erosahalmenaren galera eta 600 eurotik gorako murrizketak ekarriko lituzketen proposamenak egiten jarraitzen dute. Bien bitartean, langileek pairatzen dituzten lan osasuneko arazoei eta lan karga handiegiei ez diete erantzunik ematen.
ELArentzat, proposamen horiek etekin ekonomikoa lehenesten dute langileen osasunaren eta zaintza-lanen kalitatearen gainetik.
ELAk gogorarazi du aldarrikapen nagusien artean daudela langile taldeak indartzea, lan kargak murriztea, enplegu egonkorra eta lanaldi osokoa bermatzea, soldatak IFASeko langileen pare jartzeraino hobetzea eta asteko lanaldia 32 ordura murriztea.
ELAk uste du negoziazioa desblokeatzeko ardura patronalek zein Bizkaiko Foru Aldundiak dutela. Bi aldeei benetako konpromisoak hartzeko eskatu die, langileen bizi baldintzak eta enpleguaren kalitatea hobetzeko, horrek egoitzetako arreta ere hobetuko baitu.
Aurrerapausorik ez dagoenez, langileek mobilizazio-egutegiari eutsiko diote, lan-baldintza duinak eskatzeko eta, horrela, egoitzetako erabiltzaileei kalitatezko arreta bermatzeko.