ELORRIOKO KIROLDEGIA

ELAk hitzarmen sektorialaren baldintzak hobetzeko akordioa lortu du

2024/06/24
Elorrioko langileek 1.592 orduko lanaldia izango dute 2025eko urriaren 1etik aurrera, sektoreko hitzarmenean baino 2 urte eta erdi lehenago.

ELAk, Elorrioko kiroldegiko ordezkaritza duen sindikatuak, eta ATHLON SINTAGMIA enpresak akordioa lortu dute honako edukiekin, besteak beste: 1.592 orduko lanaldia jasotzen du, 2025eko urritik aurrera indarrean sartuko dena; urtean 12 orduko baimen ordaindua medikuarengana joateko edo mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko; 5 euroko igandeko plusa 2025ean lan egindako igande bakoitzeko, eta 10 eurokoa 2026an; eta datorren uztailetik aurrera Elizaldeko igerilekuetan sorosle bat gehiago izango dute.

Kiroldegian 21 eguneko greba egin ondoren eta ekainaren 6an UGT, LAB eta CCOO sindikatuek eta patronalak hitzarmen sektoriala sinatu ostean etorri da akordioa. Kasu honetan, urtean zehar 18 langilek dihardute bertan, eta udan 30 izatera iristen dira.

Gogora dezagun Bermeoko kiroldegiak ere akordioa lortu zuela joan den astean baldintza sektorialak hobetzeko, eta Elorriokoa bigarren akordioa da hitzarmen sektoriala sinatu ondoren. Gainera, Barakaldo, Leioa, Sopela, Derio eta Bilbao Kirolak kiroldegietan greban jarraitzen dute, Bermeon eta Elorrion bezala, hitzarmen propioa lortzeko.