AVIFES (BILBO)

ELAk hitzarmena sinatu du: soldatak %20 igoko dira eta lanaldia 61 ordu gutxituko da

2026/05/13
Langileen batzarrak babestutako akordioak 1.900 eurotik gorako gutxieneko soldatak ezartzen ditu 14 ordainsaritan, eta KPIari lotutako igoerak bermatzen ditu hitzarmenaren indarraldi osoan.

ELAk Avifesen hitzarmen kolektibo berria sinatu du, osasun mentalaren eta zaintzaren arloan jarduten duen enpresan, langileen lan baldintzetan hobekuntzak lortu ostean. Akordioa langileen batzarrak berretsi du.

Adostutako neurri nagusien artean daude %20tik gorako soldata igoerak eta urteko lanaldiaren 61 orduko murrizketa; horrenbestez, urteko lanaldia 1.661 ordutik 1.600 ordura jaitsiko da.

Halaber, hitzarmenak 1.900 eurotik gorako gutxieneko soldata ezartzen du 14 ordainsaritan kategoria nagusientzat, hala nola hezitzaileentzat; horrek urtean 27.000 euro gordineko langa gainditzen du.

KPIari lotutako soldata igoerak bermatzen ditu hitzarmenaren indarraldi osoan, eta datozen urteetarako gutxienez %3ko igoera ziurtatzen du. Horrez gain, aldi baterako ezintasun egoeretarako osagarriak eta bestelako hobekuntza sozialak ere jasotzen ditu.

ELAk azpimarratu du langileen aktibazioa, antolakuntza eta mobilizazioa funtsezkoak izan direla akordioa lortzeko. Sindikatuaren ustez, hitzarmen honek Bizkaiko aniztasun funtzionalaren sektorean jarraitu beharreko bidea erakusten du, izan ere, oraindik ere lan baldintzak hobetzeko tartea badagoela defendatzen du, betiere negoziazioa eta mobilizazio sindikala uztartuta.