ELAk irabazi duen epai bati esker Osakidetzak 2012tik kenduta zeukan lanbide-garapenaren osagarria ordaindu beharko die langileei

2018/05/17
ELA irabazi berri duen epaiak bi eginbehar ezarri dizkio Osakidetzari: lanbide-garapenaren deialdiak ebaztea, 2011n zabaldu eta alde bakarretik bertan behera utzi zituenak; eta dagozkien soldata-osagarriak ordaintzea, atzerakinak ere barne, munta osoa 100 milioi eurotik gorakoa bilduko duena. Azken urteotan erabakia indarrean jarri duten arduradun politikoen kargugabetzea eskatu du ELAk.

 

Langileek murrizketa ugari jasan dituzte azken urteotan, eroste-ahalmenean %21eko galera metatu arte; eta orain EAEko Auzitegi Nagusiaren epai horrek murrizketa horietako bat lehengoratu du. Auzitegiak arrazoia eman digu, eta kontzeptu horregatik langileei dagozkien diru-kopuruak jasotzeko eskubidea aitortu du. Agerian geratu da berriro gure agintarien borondatea nolakoa izan den: hemen politika zorrotzagoak aplikatzea, Madrilen aplikatzen zituztenak baino.

Esan beharrik ez dago gaurkoz Osakidetzak ez diela langileei abonatu zor dizkien zenbatekoak, nahiz eta lehen auzialdiko epaian diru-kopuru horiek ordaintzeko etenaldia 2015az geroztik kentzeko eta ordaintzen jarraitzeko aukera eman. Bertan behera utzitako deialdiak ere ez ditu ebatzi, nahiz eta epaitegi batek behin-behingoz horretara behartu.

Gogora ekartzekoa da ELAk Osakidetzari eskatu ziola lanbide-garapenaren eredua berraztertza, eta irtenbide bat adostea. Horregatik, hain zuzen, egin ziren orduko grebak. Hala ere, Osakidetzaren negoziazio-borondate ezaren aurrean, ez dugu besterik izan auzitara jo eta epaia irabaztea baino.

ELA oraingo lanbide-garapenaren ereduaren guztiz aurka dago, besteak beste, milaka herritarren itxaropenak zapuztu zirelako; baina, hala ere, etenaldiari errekurtsoa jartzea erabaki genuen. ELAtik berriro agertzen dugu lanbide-garapenaren eredu berri bat negoziatzeko borondatea eta prestasuna, baina irizpide objektiboetan oinarritu behar da, diskriminaziozkoa izan gabe, oraingo ereduan gertatzen ez dena.

Aipatu behar dugu, gainera, Osakidetzak soldata-eskala bikoitza sortu duela: batetik lanbide-garapenerako sarbidea izan dutenak, ordainduta daudenak; eta bestetik, merezimendu berdinak izan arren, kobratzen ez dutenak. Osakidetzak sortu duen diskriminazio hori onartezina da, eta berehala zuzentzeko eskatzen dugu.

Eta orain aztertzen ari garen epaia ikusita, erabaki hura hartu zuten erantzule politikoei ezin zaie hutsaren truke atera, eta lasai-lasai geratu. ELAk ohartarazi zuen bere garaian murrizketa hura legez kontrakoa zela, eta horregatik tinko eskatzen diegu erabakia urtez-urte indarrean mantendu dutenei beren karguak berehala uzteko.