HAUTESKUNDE SINDIKALAK
ELAk jarraitzen du bigarren sindikatua izaten Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan Hego EH-an

Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan Hego Euskal Herrian egindako hauteskundeetan 89 ordezkarietatik 20 ordezkari eskuratu ditu ELAk eta Nafarroan hauteskundeak irabazi ditu. EAEn espetxe eremua transferitu ondoren, hauteskunde hauetan aukeratu beharreko ordezkari kopurua aurrekoan baino gutxiago izan da. Halere, lortutako emaitzei esker, ELAk bigarren sindikatua izaten jarraituko du. Emaitza horiek balio handia dute sindikatuarentzat; izan ere, Estatuko Gobernuak langileei ezarritako murrizketez gain, gobernuak ordu sindikalak murriztu dizkio ELAri, ez zuelako sinatu CCOOk, UGTk eta CSIFek sinatu zuten liberazioen akordioa. ELArentzat akordio horrek Estatuko Gobernuaren murrizketa politika legitimatzen du, sindikatu horientzako liberazio eta ordu sindikalen truke.
Funtzionarioen esparruan, Arabako hauteskundeak egiteko zain, ELAk 9 ordezkari lortu ditu. Duela lau urte baino zortzi ordezkari gutxiago aukeratzen ziren oraingoan.
Lan kontratuko langileen arloan, non 32 ordezkari aukeratzen ziren, kopurua mantenduz, ELAk 11 ordezkari izan ditu, alegia, bat gehiago lortu du.