ARRANTZA IKUSKATZAILEAK

ELAk lan baldintza duinak eta eraginkorrak eskatu ditu arrantza ikuskaritzako langileentzat

2025/03/28
ELAk elkarretaratzea egin du Santoñako (Kantabria) portuan, CCOO eta Arrantza Ikuskatzaileen Elkarte Profesionalarekin (APIPES) batera, martxoaren 3an hasitako greba mugagabearen testuinguruan.

Grebaren bitartez, langileek aldarrikatzen dute disponibilitate eta ordutegi bereziak aitortu diezaietela. Izan ere, 24 orduz eta urteko egun guztietan dutelako prestasuna, eguneko edozein unetan, baina baldintza hori ez dago aitortuta eta konpentsatuta soldatetan. Era berean, arrisku egoerak aitortzea ere aldarrikatzen dute, portuan, itsasoan eta helikopteroan jardun behar dutelako.

ELAk gogorarazi du negoziazioek aurrera egiten ez dutenez eta greba mugagabeak bere horretan jarraitzen duenez, ondorioak nabarmentzen ari direla: antxoaren eta berdelaren kosterak ez dira behar bezala kontrolatzen ari, Kantauriko flotentzat hain garrantzitsuak direnak, eta salaketak aurkezten ari dira hainbat portutan irregulartasunengatik. Greba egun bakoitza igaro ahala, kontrola hare txikiagoa da. Grebaren laugarren aste honetan 6 milioi kilo berdel baino gehiago deskargatu dira, ia ikuskapenik egin gabe.

Sektorea jada legez kanpoko lehorreratzeak salatzen ari da, lonjatik pasatzea saihesten dutenak. Beraz, Europar Batasunak ezarritako ikuskapen helburuak ez betetzeaz gain, espezie horren iraunkortasuna arriskuan jartzen ari da. Antxoaren kosteraren kasuan, eguneko kupoak eta gutxieneko neurriak betetzen direla ez kontrolatzeak sektoreari zuzenean egiten dio kalte, horrek dakarren prezio jaitsieragatik.

ELAk salatu du Estatuko Administrazio Orokorrak negoziatzeari uko egiten diola eta jarrera aldatu dezala eskatu dio. Bien bitartean, ELAk greba mugagabeari eutsiko dio.