ELAk Lanbideko hauteskunde sindikalak irabazi ditu

2019/06/19
ELAk Lanbiden (Euskal Enplegu Zerbitzuan) egin diren hauteskunde sindikalak irabazi ditu. Aukeratu diren 40 ordezkaritik 13 lortu ditu, aurreko hauteskundeetan baino 2 gehiago. 213 bozka lortu ditu guztira, aurreko hauteskundeetan baino 21 boto gehiago, hau da, parte hartu duten langileen %33ak ELAren aldeko apustua egin du.

Oraingo honetan ere langileek argi utzi dute ELAk Lanbiden eginiko lana eta borroka babesten dutela. Azken lau urteetan Lanbideko langilegoak argi eta garbi adierazi du mobilizazioaren bitartez Gobernuak hartu dituen erabakiekin ez dagoela batere ados. Zentzu horretan, ELAk Gobernuari eskatzen dio emaitza hauek kontuan hartzea eta langilegoak adierazitakoa errespetatzea.

Bestetik, ELAk esker ona adierazi nahi du Lanbideko langileen artean izan duen babesagatik eta hitza ematen du konfiantza hori aintzat hartuko duela, orain arte bezala, Lanbideko langileen eskubideen defentsan buru belarri jarraituz.