SEKTORE PUBLIKOA

ELAk langile publikoen erretiro aurreratua ahalbideratzeko proposamena helarazi dio Eusko Jaurlaritzari

2025/05/05
Eusko Jaurlaritzak apirilaren lehenetik aurrera erretiro partzialerako eskubidea kendu zien lan-kontratuko langileei. Maiatzaren 6ko mahai orokorraren bileran, Eusko Jaurlaritzak aintzat hartu beharko luke ELAren proposamena, eta berriro ere langileei berrezartzeko hautua egin beharko luke

Maiatzaren 6an Eusko Jaurlaritzako plantilla osoaren lan-baldintzak ezartzen dituen mahai orokorra egingo da. Bileraren aurretik, apirilaren amaieran, ELAk idazki bat helarazi zion Enplegu Publikoko sailburu María Ubarretxena Cidi. Gutun horretan, langile publikoentzako erretiro aurreratua ahalbidetzeko proposamen bat helarazi zuen sindikatuak.

ELAk aurkeztutako idazkian, Eusko Jaurlaritzak apirilaren 1etik aurrera ezabatutako langile lan-kontratudunen erretiro partzial aurreraturako eskubidea berreskuratzea ahalbidetzen duen formula bat aurkezteaz gain, funtzionarioek eta estatutupeko langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak eta tresnak aurreikusten ditu. Besteak beste, Hezkuntza Sailaren garbiketan eta sukaldaritzan lortutako akordioa beste esparru batzuetara zabaltzeko eta Eusko Jaurlaritzaren eremuko hitzarmenetan jasotako erretiro-sariak berreskuratzeko eskatu du.

ELAk espero du maiatzaren 6ko mahai orokorraren bileran gobernuak aurkeztutako proposamenak onartzea eta Eusko Jaurlaritzako langileentzako erretiro aurreratuko neurriak ahal bezain laster aplikatzea ahalbidetzea.

ELAk uste du Eusko Jaurlaritzak ezin duela jarraitu, azken urteotan egin duen bezala, Estatuko Gobernuaren eta gure herrialdean gutxiengoa duten sindikatuen artean lortutako akordioen jarraipena egiten. Horrek ondorio oso larriak ditu euskal langile publikoentzat. Autogobernuaren aldeko diskurtsoak egiten dituen bitartean, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz aplikatzen ditu Madrildik datozen erabakiak.

Euskal erakundeek eta osatzen duten alderdi politikoek premiazko urratsak eman behar dituzte euskal langile publikoen lan-baldintzak hemen eta orain erabaki daitezen.