ERIZAINTZA KOMUNITARIOA (OSAKIDETZA)
ELAk lanpostuak aitortzea eta lan baldintzak hobetzea eskatu du

Gaur, ekainak 25, elkarretaratzea egin du ELAk Bilboko Osasun Saileko ordezkaritzaren aurrean, Osakidetzako erizaintza komunitarioko plantillarekin batera, urrunetik datorren arazo bati irtenbideak exijitzeko. 2005ean, erizaintza-espezialitateak legez sortu ziren, besteak beste, familia eta komunitate erizaintza, eta, 20 urte geroago, Osakidetzak ez ditu espezialitate gehienak onartu, nahiz eta sindikatu honek eta hainbat langilek horren inguruko eskakizunak egin ditugun. 2025. urte honetan zehar Osakidetzako Mahai Sektorialean negoziatuko da Lanpostu Funtzionalen Dekretu berria, eta ELAk eskatu du gaur egun jasota ez dauden erizaintzako espezialitateak bertan sartzea.
Bestalde, baldintzak hobetzea eta aitortzea ere eskatu du ELAk, gaur egun, egiten dituzten eguneroko lanak ez baitaude behar bezala onartuta. Besteak beste, egiten duten lanaren ezaugarriengatik lanaldiaren barruan joan-etorriak egin behar dituzten arren, joan-etorri horiek ez dira ordaintzen, ez sakabanatze geografikoaren plusaren bidez, ezta kilometrajearen bidez ere.
Gainera, %4ko osagarria ordaintzeko exijitu du ELAk. Orain dela gutxi, Lehen Arretako fisioterapeuten kolektiboari osagarri hori aitortu diote, Lehen Arretako administrazio-langileek aitortuta zuten bezala, eta ELAk osagarri horren diskriminazioarekin amaitzea eskatzen du, oraindik ere badaudelako arreta-maila horretako kolektiboak kobratu gabe jarraitzen dutenak, besteak beste, erizaintza komunitarioa. 2023an, 35 eguneko grebaren ondoren, osagarri hori Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (TGEEZ) langileei aitortu zitzaien.