EAEko ESPETXEAK
ELAk lanuzteak deitu ditu urtarrilaren 29an

Urtarrilaren 29an, 13:00etatik 16:00etara, EAEko espetxeetan lanuztea egiteko deia egin du ELAk. Hiru espetxeetako, Zerbitzu Zentraletako eta Aukerak-Gizarteratzeko Euskal Agentziako 680 langile daude deituta. ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak UGT_ACAIP sindikatu korporatiboaren bermearekin Espainiako kartzeletan gehiengoa duena, baina euskal administrazioetan gutxiengoa dena) inportatu duela espetxeen Estatuko eredua, beste bat sortuz lan baldintzak eta soldatak okertu eta gero
ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio negoziazio bat irekitzeko, plantilla espetxeetako zeregin, funtzio eta beharretara egokitzeko eta langileen osasuna arriskuan jartzen duten peonaden eta aparteko orduen ereduarekin amaitzeko. Zehazki, ELAk plantillaren tamainari, zereginen mugaketari eta lan- eta soldata-baldintzei buruzko negoziazioa aldarrikatzen du, eta, besteak beste, Berariazko Osagarri Berezi bat sortzea proposatzen du espetxeetan lan egiten duten langileentzat.
Orain arte, Eusko Jaurlaritzak uko egin dio LPZ (lanpostuen zerrenda) kolektiboen zereginak eta funtzioak negoziatzeari, eta espetxeko lanaren ezaugarriak eta berezitasunak kontuan hartzen dituzten soldata- eta lan-baldintzak negoziatzeari. ELAk kritikatu du Eusko Jaurlaritzak uko egin diola espetxe eredu propioa, publikoa, modernoagoa eta gizatiarragoa ahalbidetuko duten lan baldintzak eskaintzeari, hezkuntza, osasun, lan, justizia eta berdintasun politikak integratuko dituena, euskalduna eta gure herriaren idiosinkrasiarekin bat datorrena, gizarteratzea helburu izango duena.