ELAk lehen aldiz EAEko Justizia Administrazioko hauteskundeak irabazi ditu

2019/06/05
ELAk Justizia Administrazioan izandako hauteskundeak irabazi ditu lehen aldiz. EAEko Justizia Administrazioko langileen artean aukeratu diren 53 delegatuetatik 16 lortu ditu. Aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, ELAk hiru ordezkari gehiago lortu ditu: bi Gipuzkoan eta bat Araban. Bizkaian bere ordezkaritza mantendu du.

ELA da bozka kopuruan gehien igo den sindikatua. Justizia Administrazioko 505 langilek ELA aukeratu dute, orain dela lau urte baino 102 gehiagok. Egindako hauteskundeetan langileen parte hartzea oso altua izan da: %76.

ELAk esker ona adierazi nahi du Justizia Administrazioko langileen artean izan duen babesagatik, eta hitza ematen du konfiantza hori aintzat hartuko duela, lan-baldintzak hobetzeko borrokari eutsiko diolarik. Herritar guztien mesedetan, guztiz beharrezkoa den kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko lan jarraitzeko konpromisoa agertu du ELAk.