ELAk lortu du 100 hautagai baino gehiagok suhiltzaileen LEP bateratuan jarraitu ahal izatea

2023/01/16
Justiziak onartu egin ditu ELAk planteatutako kautelazko neurriak. Horri esker, psikoteknikoa gainditu ez zuten hautagaien %25ek eskubidea izango dute urtarrilaren 17an egingo den bigarren probara aurkezteko. Sindikatuak gogorarazi du urtez luzez suhiltzaile lanetan aritu diren profesionalak direla, beti ere, aldi baterako kontratua izan dutenak.

ELAk aurkeztutako errekurtsoari esker, azterketa psikoteknikoa ez gainditzeagatik, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Suhiltzaileen LEP bateratuko prozesutik kanpo utzi behar zituzten 100 hautagaik baino gehiagok prozesuan jarraitu ahal izango dute. Justiziak onartu egin ditu ELAk planteatutako kautelazko neurriak. Horiei esker, psikoteknikoa gainditu ez zuten pertsonen %25ek aukera izango dute urtarrilaren 17an egingo den bigarren proban parte hartzeko.

ELAk Arkauteri eskatu dio kautelazko neurriak eskatu badituzte ere, oraindik ebazpenaren zain dauden hautagaiei aukera bera eskaintzea. Era berean, suhiltzaileen zerbitzuak dituzten erakundeei eskatu die baztertu dezatela, behingoz, LEP bateratua egiteko erabakia, eta erakunde bakoitzak egin ditzala suhiltzaileen prozesuak hasieratik amaierara beren erakundean.