ELAk lortu du Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuko Bilboko enpresa handienak langileei segurtasun-neurriak ematea koronabirusaren aurrean

2020/05/08
ELAk jarritako demandaren ondoren emandako epaiaren ondorioz, enpresak norbera babesteko ekipamendua eman beharko die langileei, eta diagnostiko-testa modu orokorrean egin beharko du sektoreko langileen artean. Sindikatuak salatu du, beste behin ere, "erakundeek eta enpresek ikusezin bihurtu eta gaizki tratatu" dutela pertsonen zaintzaz arduratzen den sektore feminizatu hau.

ELAk 890 pertsona artatzen dituen Aztertzen S.L. Etxez Etxeko Laguntzako Bilboko enpresa handienaren kontra jarritako demandari esker, norbera babesteko ekipamenduz hornitu beharko ditu enpresak bere 160 langileak. Emandako epaia dela eta, enpresak zerbitzu bakoitzerako maskarak, mantalak - Ahal dela, erabili eta botatzekoak -, begiak babesteko ekipamendua eta abar banatu behar ditu, eta, horrez gain, erabili eta botatzekoak ez badira, ehunezko mantalak garbi daudela bermatu beharko du. Orain arte, enpresak erabiltzaileen edo langileen esku uzten zuen zeregin hori.

Orain arte langileei egin ez zaizkien detekzio-testei dagokienez, gaixotasuna dutela susmatzen den kasuetan egingo dira. Halaber, beharrezkoa den prebentzio-informazioa langileen ordezkariekin partekatzera behartzen da.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek aste gogorrak bizi izan dituzte, eta haien segurtasuna eta osasuna arrisku larrian ikusi dute, babes-neurri orokorrak falta izan direlako. ELA, langileekin batera, egoera hori hobetzeko lanean ari da krisia hasi zenetik. Lan horren emaitza da, baita ere, EUDELek emandako agindua: diagnostiko-testa sektoreko langileen artean orokortzea.

ELAk salatu duenez, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza, sektore feminizatua, gaixotasun honen aurrean bereziki sentikorrak diren pertsonak zaintzen dituena eta hitzarmen berri baten alde borrokan bi urte baino gehiago daramana, berriz ere ikusezin bihurtu da, “erakundeek eta enpresek ikusezin bilakatu dutelako”.

Adierazi duenez, beste behin ere, ELAren borroka eraginkorra izan da sindikatuen lana eta bizitzak balioan jartzeko.