ELAk mobilizazioa egin du alderdiei eta erakundeei eskatzeko Euskal Herrian erabaki ditzatela langile publikoen lan baldintzak

Zehazki, honako eskaerak egin dituzte:
-
Behingoz, Euskal Herriko erakundeek eta alderdi politikoek euskal sektore publikoak dituen beharrak eta lan baldintzak bertan erabakitzeko hautua egin dezatela. Legea ez delako berez muga, euren esku dago bertan erabakitzea.
-
Horretarako, Euskal Herriko alderdiek estatuko aurrekontuetan, Gernikako Estatutuak eta LORAFNAk erakundeei aurreikusten dizkieten eskumenak Madrilen esku ez uzteko hautua egin behar dute; euren esku dago hori egikaritzea.
-
Eskumena edukita, Euskal Herriko agintariak konprometitu behar dira mahai negoziatzaileetan langile publikoen pobretze prozesuarekin eta pribatizazioarekin amaitzea. Horretarako, 2023an 2022an galdutako erosahalmena (%4,5) eta 2022ko KPIa bermatu, eta enpleguan behin-behinekotasuna %6ra txikiagotzeko kontsolidazio prozesuak adostu behar dira.
Azkenik, erakundeen jarrera ikusita, ELAk mobilizazioen eta greben beharra azpimarratu du zerbitzu publikoak indartzeko eta langile publikoen baldintzak defendatzeko. Horretarako, aldarrikapen horiekin bat egin dezaketen sindikatuekin elkarrizketan jarraitzen du sindikatuak.