AURREKONTUAK EAE

ELAk mobilizazioa egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean langile publikoen enplegu eta soldaten defentsan

2025/11/27
ELAk mobilizazioa egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean langile publikoen enplegu eta soldaten defentsan
ELAk mobilizazioa egin du Eusko Legebiltzarrean eskatzeko aurrekontuek ez ditzaten 115.000 langileen enplegu beharrak eta soldatak Madrilen esku utzi. Sindikatuaren ustez bateraezina da esatea zerbitzu publikoak indartzen dituzten aurrekontuak direla eta langileen % 42 behin-behinekoa izan

ELAko sektore publikoko 200 bat ordezkarik Eusko Legebiltzarra inguratu dute, azaroaren 28an amaitzen baita 2026ko aurrekontu egitasmoari zuzenketak aurkezteko epea. Mobilizazioarekin sindikatuak legebiltzarkideei eskatu die zerbitzu publikoen alde egin dezatela aurrekontuetako partidak handituz eta langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki eta hobetzeko.

Igor Eizagirre ELAko Gizalan federazioko idazkari nagusiak salatu du Eusko Jaurlaritzak berriro ere, 2026an, 115.000 langile publikoren lan baldintzak Madrilen esku utzi nahi dituela. Azken urteetan “Legebiltzarrak langile publikoen soldata eta enplegua bezalako gaietan dituen eskumenak eta erabakitzeko ahalmenei muzin egin die”. Ondorioz:

  • Eusko Jaurlaritzako langileen %42 aldi baterakoa dira. 24.400 langile baino gehiago Osakidetzan, plantillaren erdia. Hezkuntzan, 25.000 baino gehiago. Eusko Jaurlaritzaren behin-behinekotasuna sektore pribatuarena baino hiru aldiz handiagoa da.
  • Plantillak, oro har, ez du soldata igoerarik izan 2025ean, eta soldata galera %8,6koa da 2022tik aurrera.
  • Euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen du.
  • Lan kargek, ordezkapen falta eta gehiegizko burokratizazioak ondorio larriak dituzte langileen lan osasunean.

“Lan baldintza horiekin ezinezkoa da langileek kalitatezko zerbitzua bermatzea eta langileen erosahalmenaren galerarekin amaitzea”, ziurtatu du Eizagirrek.

Legebiltzarkideek ez dute onartu behar, Madrilen euskal langileen ordezkaritzaren gehiengoa duten sindikatuen bizkar adostu duten soldata igoera. Beste behin ere, erosahalmenaren galera eta KPIrekiko inolako loturarik ez duten akordioa balioetsi dute. 2022-2025eko erosahalmenaren galera %8,6koa izan den arren, adostutakoa %2,5koa izan da. Eta 2026rako, berriz, % 1,5 adostu da, gaur-gaurkoz KPI %3,1ekoa denean. Hori horrela, ELAko ordezkariak legebiltzarkideei eskatu diete alde batera utzi behar dutela sektore publikoko langileen lan baldintzak Madrilen esku uzteko egiten duten hautua.

ELAk legebiltzarkideei 2026ko aurrekontuetan neurri hauek sartzeko eskatu die:

  • Enpleguan, pribatizaziorako ateak itxiko dituen artikulua ezartzea. Pribatizatutako zerbitzuak arlo publikora itzultzeko prozesuak aurreikusi, langileen subrogazioa bermatuz. Era berean, behin-behinekotasuna %8ra murrizteko formulak ezarri behar dira, aldi baterako langileak egonkortzea ahalbidetuko duten prozesu bermatzaileak deituta.
  • Soldatetan,azken lau urteetan galdutakoa berreskuratzeko, 2026ko aurrekontuek % 8,6ko soldata igoera + 2025eko KPI ezarri behar dute langile guztientzat. Lanaldiari dagokionez, 32 orduko lan jarduna eta hori ezartzeko partida.
  • Lan osasuna hobetzeko, partida bat ezarri behar da gehiegizko burokraziarekin amaitzeko eta sektore bakoitzeko lan kargak arintzeko.
  • Euskaran, partida bat sartu behar da langileen euskalduntzea planifikatzeko.
  • Genero ekitatean, sektorez sektore benetako berdintasun planak negoziatzeko eta adosteko konpromisoa ezartzeaz gain, hori posible egiteko partida bat sartu behar da.
  • Plantilla gaztetzeko neurriei dagokienez, partida bat ezarri behar da gehiengo sindikalarekin sektorez sektore plantillak gaztetzeko neurriak negoziatzeko eta adosteko. Besteak beste, erretiro partziala eta jubilazio primak berrezarriz.