ELAk mobilizazioak areagotuko ditu Bizkaiko erresidentzietan
2022/10/06

Bizkaiko erresidentzietako langileek urrian deitutako hirugarren eta azken greba eguna izan dute gaur. Grebalariek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egin dute kontzentrazioa. Guztira, bederatzi greba egun izan dira patronalek asistentziaren kalitatea hobetzeari eta langileen lan baldintzak hobetzeari uko egin ziotenetik. Hiru jardunaldi horien arrakasta ikusita, ELAk iragarri du mobilizazioak areagotuko dituela eredua aldatzeko eta langileen lan baldintzak hobetzeko. Halaber, salatu du gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izateaz gain, greba hasi eta bederatzi ordu baino gutxiagora jakinarazi direla.
Greba egunetan, sektoreko langileek egunero lantokietan bizi duten egoeraren larritasuna azaldu diete herritarrei. Langileak falta dira, bajak ez dira lehen egunetik ordezkatzen, enplegua ez da kontsolidatzen eta lanaldi partzialak dira nagusi. Hori gutxi balitz, erosteko ahalmena galdu dute langileek eta ez dago egoiliarren arreta duintzeko ratio egokirik.