GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK
ELAk mobilizazioak deitu ditu Gipuzkoako erresidentzietan

Datorren astelehenerako dago deituta Gipuzkoako egoitzen hitzarmen berri bat lortzeko Negoziazio Mahaiaren laugarren bilera. ELAk salatu duenez, orain arte, patronalek ez dute plantillen aldarrikapenei buruz negoziatu nahi izan, eta ez dituzte sektorearen arazo nagusiak jorratu. Gipuzkoako egoitzetan 5.000 langilek dihardute, gehienak emakumeak. Eskaintzen duten zerbitzua % 90ean Aldundiaren bidez diru publikoarekin finantzatuta badago ere, lan baldintzak prekarioak dituzte, ELAk kritikatu duenez.
Plantillaren % 40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. ELAren arabera, negozio logika batean oinarritutako zaintza sistema bati eusteko egiten da hori, enpresa pribatuek eta irabazi asmorik gabeko enpresa gehienek irabaziak lor ditzaten. Azken urteetan egoitzetako arreta zuzeneko orduak murriztu egin dira, eta horrek nabarmen handitu ditu lan kargak. Halaber, langileen osasunak okerrera egin du.
Egoera horren aurrean, ELAk kontratuak lanaldiaren % 100era zabaltzea, soldata arrakalarekin amaitzea eta lanaldi murrizketa ezartzea aldarrikatzen du, bereziki erretiroa aurreratu ahal izateko formula gisa. Neurri horiek, arreta orduen kopurua handitzeaz eta langileen lan osasuna hobetzeaz gain, herritarren ematen zaien arreta nabarmen hobetzea ekarriko lukete.
Astelehenean eduki horiek negoziatzeko eskatu die patronalei ELAk, eta Aldundiari horretarako bitartekoak jartzeko. ELAk aldarrikatu du aukera bat dela genero arrakalarekin amaitzeko eta bizitzaren erdigunean zaintzak egotea bermatuko duen beste eredu bat ezartzeko.