BIZKAIKO ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA
ELAk mobilizazioak eta bilerak deitu ditu zaintza eredu publiko bat lortzeko
Ekainaren 20an Txorierriko mankomunitatean, ekainaren 25ean Galdakaoko Udalean eta uztailaren 11n EUDEL parean mobilizatuko dira langileak. Honekin batera, alderdi politiko guztiei eta instituzioetan bilerak eskatuko ditu ELAk, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren publifikaziorako negoziazioei hasiera emateko.
Egun, zerbitzuaren %95a diru publikoz hornituta dagoen arren, kudeaketa pribatua dute eta %30eko murrizketak jasan ditu. UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako hitzarmenaren ondoren, eredu aldaketa aldarrikatzea ezinbestekoa ikusten du ELAk. Munizipalizazioa da langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko duen bidea.
Erantzule publiko nagusiak (Eudel, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak) adinekoen zaintza sistema unibertsalerantz bideratutako gizarte politiken onurez diharduten bitartean, langileen eta zerbitzua jasotzen dutenen bizi baldintzak kaltetzen dituzten neurriak hartzen jarraitzen dutela salatu du ELAk.