ELAk parte hartuko du gidari profesionalak 60 urterekin erretiratzea eskatzeko kontzentrazioetan
ELAk uste du bidezko aldarria dela, eta, ondorioz, plataformarekin harremanetan dago, diagnostikoa elkarbanatu, eta elkarrekin lan egiteko aukera aztertzeko. Bien bitartean, gidarien sektoreko ELAko ordezkariek parte hartuko dute otsailaren 17an Gobernuaren Ordezkaritzen aurrean Euskal Herrian egingo diren kontzentrazioetan.
Gidari profesionalek Euskal Herrian bizi duten egoera gero eta prekarioagoa da. Sektoreka errepasoa eginez gero, merkantzien garraioko ehunka langile autonomoak direla ikus daiteke -asko autonomo faltsuak, bezero bakar batentzat lan egiten dutenak-, eta egunetik egunera lan eta bizi baldintzak okertzen ari dira. Bestalde, besteren kontura lanean dihardutenei aplikatu beharreko lan hitzarmenak sistematikoki urratzen dira.
Bidaiarien garraioan, aldiz, zerbitzu batzuk izan ezik, publikoa izan beharko lukeen sektore hori guztiz pribatizatuta dago; enpresa multinazionalen esku, gidarien lan eta bizi baldintzen lepotik etekinak handitzea helburu dutenak.
Hori dela eta, ELAk hainbat urte daramatza hainbat eremutan borrokan kolektibo horren bizi eta lan baldintzak hobetzeko. Gobernuek ezarritako lan eta pentsio erreformen aurkako greba eta mobilizazioetan parte hartu izan du sindikatuak, baita austeritate politikak bertan behera utz daitezen egin diren lanuzteetan ere.
Bestalde, lan hitzarmenen aldeko greba guztietan aitzindari izan da sindikatua, sektore zein enpresa mailan, kolektiboarentzako baldintza duinak bermatze aldera. Azken grebak, hain zuzen, duela egun gutxi izan dira. Eta herri administrazioei eta lan ikuskaritzari kontratazioetako iruzurrarekin amaitzeko eskaera egin du sindikatuak.