BIZKAIKO ESKU HARTZE SOZIALA
ELAk performance bat egin du patronalaren eta sindikatuen arteko kontziliazio prozesuak edukiak hobetzen ez dituela salatzeko
ELA, % 47ko ordezkaritzarekin, berriro mobilizatu da Bizkaiko Gizarte Esku-hartze sozialean. ELAk 13 greba egun egin ditu gaurko egunarekin, eta agerian utzi du enpresa pribatuek eta erakunde publikoek zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak ez hobetzeko duten konplizitatea. Diru publikoarekin finantzatu arren, zerbitzuen ia % 80 esku pribatuetan dago. Sektoreko patronalek eta enpresek hartutako erabakien ondorioz, langileek % 15etik gorako erosahalmena galdu dute. Gainera, babes bereziko neurririk ez izateak arrisku handia dakar langileen osasunean.
Gaurko manifestazioa sektoreko erakunde nagusietatik zehar (Caritas, T4, Obarburu Fundazioa, Bizitegi...) egin dute langileek. Ibilbidean zehar, performance bat egin dute, patronalak eta administrazio publikoek sektoreko lan baldintzetan kalteak nola egiten dituzten irudikatzeko. Erle langilez mozorrotu dira batzuk (grebalariak), beren abaraskan harrapatuta eta erreginak eta erlezainek (patronalak eta administrazioak) menderatuta, eta, horrela salatu nahi izan dute diru publikoarekin zerbitzuak pribatizatzen direla plantillak prekarizatzearen kontura.
Sektore honek gizartearentzat funtsezkoak diren hainbat zerbitzu artatzen ditu, hala nola adingabeak, etxerik gabeko pertsonak eta babesgabetasun-egoeran daudenak artatzea, emakumeentzako zerbitzuak (harrera-etxebizitzak, gizarteratze eta laneratzea...), zerbitzu soziokulturalak, besteak beste.