GUFE (GIZARTE LAGUNTZARAKO FORU ERAKUNDEA)

ELAk baliabide gehiago eskatu ditu laneko segurtasuna bermatzeko, bai eta arreta duina emateko ere

2025/07/10
Enpresa Batzordeak elkartasuna eta babesa adierazi dio bart goizaldean bere eginkizunak betetzean erasoa jasan duen Adingabeen Etxeen Sareko langileari. GUFEn ordezkaritza duten sindikatuak zuzendaritzarekin lanean ari dira langile guztien segurtasuna bermatzeko. Langileen osotasun fisiko eta psikologikoak eta prebentzio neurri eraginkorrak abian jartzeak lehentasuna izan behar du.

Batzordeak adierazi du erasoa ez dela gertaera isolatua, baizik eta profesional faltarekin bat datorrela, batez ere pertsona bakar batek hainbat erabiltzaile artatu behar dituen txandetan, laguntzarik gabe. Horregatik, langileek eskatzen dute baliabide horien hartzaileen profilen balorazio egokia egitea, protokoloak eguneratzea eta laneko arriskuen ebaluazioak egitea, arrisku egoeren aurrean prebenitzeko eta jarduteko protokoloak berrikustea eta eguneratzea, eta etxeei behar adina giza baliabide eta baliabide material ematea. Neurri hauek beharrezkoak dira, erasoak prebenitzeko ez ezik, adingabeei arreta duina, profesionala eta segurua emateko ere.