ELAk salatu du 11 langileak kaleratze arriskuan daudela
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko datuak eta dokumentuak kudeatzen dituen Orkolan enpresako hamaika langileak kaleratuak izateko arriskuan daude. ELAk azaldu du 2025eko abenduaren 30ean kontratazio-agiri berriak argitaratu zirela, subrogazio-eskubiderik gabe. Hau da, ez da bermatu egungo langileak azpikontratatutako enpresa berriaren plantillan sartuko direnik.
Hori dela eta, ELAk plegu horien aurkako errekurtso bat erregistratu du, eta horiek geldiarazteko eskatu du. Datorren astetik hasita, asteartero eta ostegunero, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Ogasuneko dorreetan. ELAk ez du baztertzen grebara jotzea enpleguaren defentsan.
Sindikatuak azpimarratu du 37 urte arteko antzinatasuna duten hamaika emakume direla plantillan, eta gehienak zerbitzu publiko horretan aritu direla urte luzez. ELAk salatu duenez, pleguak argitaratu aurretik GFArekin bilera bat eskatu arren, ez zen onartu. Gainera, gogorarazi du 2010. urteaz geroztik Aldundiak plegu guztietan jaso duela langileak subrogatzeko betebeharra.