HEZKUNTZAKO SUKALDE ETA GARBIKUNTZA

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak sektorea pribatizatzeko neurriak ezarri nahi dituela

2023/04/27
ELAk elkarretaratzea egin du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, laguntza kontratuetan catering zerbitzua ezartzeko erabakiaren aurka. Sindikatuak ziurtatu du Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak atea irekiko liokeela pribatizazioari eta Sukalde eta Garbikuntza sektoreko lanpostu publikoak murriztuko lituzkeela. Gauzak horrela, ELAk kalitatezko enplegu publikoaren eta lanpostuen aldeko proposamena helarazi dio Sailari, baina ez du inolako erantzunik jaso.

Hezkuntza Saila 2022ko udaren ondoren hasi zen kontratuak egiten ekoizpenaren zirkunstantziengatik (35 inguru), beti ere, sindikatuei jakinarazi gabe. Kontratu berri horiek sei hilabeteko legezko iraupena baino ez dute, urtebeteko epean.

Hezkuntza Sailak martxoaren 21ean ezohiko bilera batera deitu zituen sindikatuak. Epe hori sei hilabetetik hamar hilabetera luzatzearen alde sinatzeko eskatu zien. “Proposamena onartu izan bagenu, neurri osagarririk gabe, behin-behineko kontratazio prekarioen kudeaketaren konplize izango ginateke”, dio ELAk. Lehenik eta behin, azaldu du prekaritatea zabaldu egingo litzatekeela kontratu horiek errepikatuta; eta, bestetik, 10 hilabeteko kontratua izanda ere, geroago sei hilabeteko langabeziara edo are kontratu prekarioagoetara kondenatuko litzatekeela langile hori. Sailaren proposamenak, ELAren esanetan, ez zuen egiturazko aldaketarik ekarri.

Orain, kontratu horietako asko epe mugara iritsi direnean, Gobernuak pribatizazioa eragingo luketen neurriak hartu nahi ditu. Sailak catering zerbitzua zabaltzea erabaki du egoera horietan, edo zuzenean lanpostu horiek ezabatzea. ELAk onartezintzat jo du hori.

Zerbitzuaren pribatizazioak are gehiago prekarizatuko lituzke lan baldintzak. Gainera, eragin zuzena du ikasleei ematen zaien zerbitzuan: ikasle batzuek bertako sukaldean prestatutako janaria jango duten bitartean, beste batzuek kanpoko sukalde batean kozinatutakoa jan beharko dute.

“Ezin dugu ontzat eman lanpostu publikoen pribatizazioa, ezta laguntza kontratuak amaitzearen ondorioz sukaldeetako gainerako langileen gain eror daitezkeen lan-karga gehigarriak ere, azaldu du”, adierazi du sindikatuak.