ELAk salatu du hirugarren adinekoen egoitzen %80tan ez dela langileen lan-osasuna bermatzen

2020/04/11
Langileen %70i baino gehiagori ez zaie egin Covid-19ren testa. ELAk adierazi du ez egoiliarrak ez langileak ez direla inoiz lehentasuna izan gure erakundeentzat.

ELAk salatu duenez, koronabirusak eragindako krisi betean, zaharren egoitzen %80an oraindik ere gabezia larriak atzematen dira lan osasunaren arloan: profesionalen %70i baino gehiagori ez zaie testa egin kutsatuta dauden jakiteko, eta egoitzen herenetan baino gehiagotan oraindik ez da desinfekzio orokorreko lanik egin. Erakundeei gezurra esatea leporatzen diete, beren lehentasuna hirugarren adinekoen egoitzetan gertatzen ari den kutsatze eta heriotza tasa altua gelditzea dela diotenean.

ELAk adierazi du ez egoiliarrak ez langileak ez direla inoiz lehentasuna izan gure erakundeentzat. "Datuek argi erakusten dute. Gobernuen interesa funtsezko zerbitzu hori pribatizatzea izan da, eta kasu askotan, gobernatzen duen alderdi politikoari lotutako enpresen esku uztea, eta horiek, ondoren, multinazionalei edo putre-funtsei saltzea, egoitzak adinekoen aparkaleku bihurtzen dituzten bitartean ", nabarmendu dute.

Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta hiru aldundiek behin eta berriz adierazi dute beren lehentasuna hirugarren adinekoen zentroak direla. Bada, ELAk dio errealitatea oso bestelakoa dela. "Bai ELAren azterlanaren datuek, bai egunero emakume langileek pairatzen duten errealitateak, bai hildako, kutsatutako eta baja-egoeran dauden langileen kopuruak – Gure gobernariek eta sektoreko enpresek ezkutatu nahi dituzten zifrak – argi eta garbi erakusten dute gezurretan ari direla".

ELAk jada azpimarratu zuen, alarma-dekretuaren hasieran, guztiz beharrezkoa zela erresidentzietan langile gehiago kontratatzea, testak egitea eta norbera babesteko ekipamendu osoak ematea, langileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Hala jakinarazi zien Estatuko Osasun Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, zein Foru Aldundiei. Gutun bana bidali zien, birusa horrelako arrisku-eremu batean ez zabaltzeko premiazko neurriak hartzeko eskatuz. ELAk deitoratu du gure herrialdeko egoitzetan egindako ikerketa baten emaitzek agerian uzten dutela eskaera horiek ez direla aintzat hartu.