Jaurlaritzak Hezkuntza Itunean hainbat gairen inguruko eztabaidei betoa jarri die

2018/10/15
Jaurlaritzak lan-taldeetan landu beharreko edukia eta parte-hartzaileak aldebakarrez erabaki ditu, hezkuntza sistemaren arkitektura eta finantzazioaren inguruko eztabaidari betoa jarri dio eta gure hezkuntza sistema babestu eta injerentziarik gabe garatzeko konpromisorik ez du hartu nahi.

ELA erabat prest dago gure hezkuntza sistemaren inguruan sakon hitz egiteko, eztabaidatzeko eta momentu honetan ditugun arazoei irtenbide adostua bilatzeko. Baina sindikatuak gaur Legebiltzarrean egin duen agerraldian salatu duenez, Jaurlaritzak ezarri duen prozesuak eduki eta prozeduraren inguruko gabezia larriak ditu.

Lehenik eta behin, Hezkuntza Sailak oraindik ez du publikoki agertu zein den beretzat hezkuntza sistemaren ardatza, bere lehentasunak non dauden eta nola pentsatzen duen horri aurre egitea. Esaterako, ez du argitu hezkuntza publikoa indartu eta ardatz izango duen hezkuntza sistema bultzatuko duen, edo egungo egoera bere horretan mantentzeko asmoa duen. Hezkuntzaren inbertsio eta finantzazio eredua mantenduko duen ala Europa iparraldeko eredu, inbertsio eta finantzaziorako aukerarik badagoen.

Hezkuntza Saila ez da edozein eragile, eta prozesu honetan duen erantzukizuna eta boterea ez dira gainerako eragileon parekoak. Beraz, prozesua hasi aurretik bere hezkuntza eredua eta asmoak argitzea ezinbestekoa da. Bestela, prozesuak agenda ezkutua izateko arriskua du, prozesuak gobernuaren isileko asmoak betetzen baditu babes moduan erabiltzekoa eta kontrako interesak azaleratzen baditu alboratzekoa.

Oinarriko parte-hartze eta prozedura demokratikoen aurkakoa da taldeen edukia eta osaketa gobernuak aukeratzea, eragileoi zein taldetan parte har dezakegun mugatzea eta hezkuntzako esparru ezberdinetan presentzia eta ordezkaritza oso desberdinak ditugun eragileei pisu bera edo alderantzikatua ematea. ELArentzat ezinbesteko demokratikoa da eragileok nahi dugun taldeetan eta guk aukeraturiko ordezkari bitartez parte hartzeko aukera eta hezkuntzako esparru ezberdinetan dugun presentzia eta ordezkaritzaren baitako ordezkaritza orekatua izatea.

ELAk behin eta berriro balizko itun batean ezinbesteko jotzen dituen eztabaida eta lantaldeak eskatu dizkio Uriarte Sailburuari.

Alde batetik, gure hezkuntza sistemak dituen gabeziak eta gure herrian sortzen dugun aberastasunarekiko gobernuak egiten duen inbertsio eskasa abiapuntutzat hartuta, burutuko den hausnarketa eta ondorioei bide emateko hezkuntza inbertsio publikoaren eta hezkuntza sistemak beharrezko dituen baliabideen inguruan hausnartzeko lan-taldea.

Bestetik, teorikoki hezkuntza eskuduntza osoa izanik, urte luzeetan, baina bereziki azken urteetan, espainiar gobernuak lege organiko eta oinarrizko legediaren bidez gure hezkuntza sistema txikitzea eta erabat baldintzatzea helburu duen politikari aurre egiteko lan-taldea.

ELArentzat oso garrantzitsua da hezkuntzaren merkantilizazioari aurre egin eta egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izateko bidea irekitzea (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

Egun gure ikastetxeetan maila sozioekonomiko txarra duten familietako edota atzerriko jatorria duten ikasleen artean gertatzen den banaketa desorekatuaren aurrean, banaketa orekatua bermatuko duten neurriak aurreikusi eta hartzea ere ezinbestekoa da.

Azkenik, hizkuntza ereduetan oinarrituriko euskalduntzeak dituen mugak eta hirueleko markoak euskalduntzean ematen dituen atzerapausoak kontuan izanik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza ereduaren lanketa ezinbestekoa da.

ELAren ustez, hau egin ezean gure hezkuntzak dituen behar eta erronkei aurre egiteko, hausnarketak benetako aldaketa estrukturalak aurrera eramateko gaitasuna erabat mugatua izango du edota ariketa teoriko batean geratzeko arriskua.

Hezkuntza Sailak ELAren proposamen eta eskakizunei muzin egin die eta, ez du ez metodologian ezta edukietan ere inolako aldaketarik egin.

ELArentzat balizko Hezkuntza Itun bat helburu duen prozedura honek ez du behar adinako berme demokratikorik, Jaurlaritzak betoa jarri die eragileek edozer esanda ere inola ere aldatzeko prest ez dagoen erabaki politikoei (hezkuntza inbertsio publikoaren eta baliabideen handitzeari edo gure hezkuntza sistema babestu eta garatzeko estatuarekin konfrontatzeari) eta, ezkutuko agendaren baitan, prozesuaren emaitza gobernuak bere interesen baitan maneiatzeko arriskua nabaria da.

Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen prozesu honek ez die erantzuten egungo hezkuntzaren egoerari, murrizketa politikak estali nahi ditu, oinarrizko gai eta erabakiak eztabaida publikotik atera eta oinarrizko erabaki hauek ezbaian jarriko ez dituzten gaien inguruan hezkuntza eragileekin elkarrizketa, parte-hartze eta adostasun itxura eman nahi du.

ELAk Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio hezkuntzaren inguruko benetako hausnarketa eta eztabaida publikoa ahalbidetu dezan, bere hezkuntza egitasmo eta lehentasunak agerian jarriz, benetako parte-hartze eta oinarrizko arau demokratikoak errespetatuz, inolako gairen inguruan betorik jarri gabe eta hausnarketa horien ondorioak gauzatzeko konpromisoa hartuz.

Eta Legebiltzarreko gainerako taldeei eskatzen die bide hori bultzatzeko.