NAFARROAKO JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA
ELAk salatu du LAB, CCOO eta UGTren akordioa

ELAk salatu du LABek, CCOOk eta UGTk gaur sinatutako akordioak ez duela bermatzen Nafarroako Justizia Administrazioaren 600 langileen eros-ahalmena berreskuratzea, ezta enpleguaren behin-behinekotasuna murriztea ere.
Hala eta guztiz ere, LABek, CCOOk eta UGTk 2025-2027 urteetarako Ekintza Plana adostu dute, Justiziako Zerbitzu Publikoaren Efizientziaren Legea ezartzeko. Akordio horrek berekin dakar Justiziako langileen lan-baldinztak arautzea. Gainera, hiru sindikatu horiek ez dute gehiengo sindikalik lortzen langileen artean.
ELAk akordio horren aurka bozkatu du. Lehenik eta behin, akordioak produktibitate-osagarri bat aurreikusten du 2025, 2026 eta 2027. urteetarako, baina horrek ez du ekarriko justizia-administrazioko langileek izan duten eros-ahalmenaren galera berreskuratzea. Gainera, ez da klausularik ezartzen aurretik egin ez diren KPIaren araberako igoerak berreskuratzeko.
Horrez gain, ez da aurreikusten Administrazioarentzat inongo obligaziorik behin-behinekotasuna %8 edo gutxiagokoa izateko. Azken batean, akordioak adierazpen lausoak, orokorrak eta zehaztugabeak jasotzen ditu, eta, horren ondorioz, ELAk uste du akordioa ez dela nahikoa, eta, gainera, aukera bat galdu dela Justiziako langileen lan-baldintzak hobetzeko.
Gogorarazi behar da duela 2 urte Euskal Autonomia Erkidegoan ELAk akordio bat sinatu zuela Justizian, plantillaren lan-baldintzak EAEko Administrazio Orokorrarekin parekatzeko, soldaten % 13ko igoerarekin, beste hobekuntza askorekin batera.