ARANDIA EGOITZA (ARRIGORRIAGA)
ELAk salatu du nominak ez direla ordaintzen ari eta lanerako materiala falta dela

Arandia Egoitzako langileek, Domus VI taldekoek, manifestazioa egin dute Arrigorriagan ELAk deituta, beren segurtasuna eta osasuna bermatzen ez diren baldintzetan lanean jarraitzen dutela salatzeko. Ibilbidean zehar, elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, gobernu taldeari helarazteko bizitzen jarraitzen duten egoera.
ELAk salatu du ez dela neurririk hartu egoitzan langile eskasiari aurre egiteko (ez dira ordezkatzen ez bajak ez oporrak), eta laneko osasunaren arloko neurriak urriak direla; laneko material falta eta dagoena egoera txarrean dagoela (eskularruak, garabiak, aldagelak, igogailuak...). Gainera, soldaten ordainketa etengabe atzeratzen da, eta lan egindako jaiegunak ere ez dira ordaintzen.
Abenduan zuzendaritzarekin lehen eta azken bilera egin zenetik, ELAk gogorarazi du ez duela berriro haren berririk izan. Bien bitartean, langileen eskubideak urratzen jarraitzen du enpresak. ELAk Domus VI taldeari leporatu dio langileekiko utzikeria eta errespetu falta, azken asteetan material falta areagotu egin dela salatu baitute. Adibide gisa, lan istripu bat gertatu da igogailu baten egoera txarragatik.
ELAk azpimarratu du mobilizazioekin jarraituko duela datozen hilabeteetan zehar, eta gogorarazi du enpresari arrisku psikosozialei buruz eskatutako ebaluazioa jasotzeke dagoela oraindik.