Osakidetzako LEPean mediku espezialitateetako azterketatan ez dago inongo gardentasunik

Bada, orain arte egin diren azterketen emaitzak ikusirik, datu batzuk azaltzeko oso zailak dira:
-
Kategoria batzutan froga oso zaila jarri da, eta oposizioa egiten ari zirenen %10ak ere ez du gainditu. Lehen galdera da, beraz, zein asmorekin jartzen ote den halako froga zail bat.
-
Bestalde, gainditu duten gutxi horiek oposizioetako gainerako partaideek baino puntuazio askoz hobea lortu dute. Aldea benetan deigarria da. Hau ausaz gertatu ote da?
-
Oposizioetako partaide asko kexu dira prozesuan berdintasunik izan ez delako. Horrek kolektiboan ondoeza handia sortu du.
Egoera hau guztia gutxienik harrigarria da, areago kontutan izanik espezialitate medikuetako oposizioetan parte hartu duten gehienek urteak daramatzatela Osakidetzan lanean, eta LEP honen ondoren ere bertan jarraituko dutela. Alabaina, azterketen emaitzek pentsarazi lezakete soilik euretako gutxi batzuek dutela gaitasuna orain arte egin dituzten lanak egiteko.
Ezin da ahaztu ere sendagileen kontratazioa benetan opakua dela. Erabakia zerbitzu-buruen esku dago; hauek egiten dituzte kontratazioak. ELAk hau sarritan salatu izan du.
Salatzen ari garen gardentasun faltaren harira, Osakidetzak iragarri du datorren ekainaren 4tik aurrera LEPeko zerrendak ikusteko aukera soilik identifikatu ondoren izango dela; honek areago iluntzen du LEParen inguruko guztia.
ELAk gertatu dena ikertzea eskatzen du, modu azkar, zorrotz eta independentean. Konfirmatuko balitz oposizioen prozesua ez dela behar bezala egin, ELAk hautapen frogak errepikatzeaproposatuko luke, betiere, modu independente eta gardenean egingo direlabermatuz eta azken xede gisa izanik gizarteari eskaini behar zaion kalitatea bermatzea. Halaber, dagozkion ardurak argi daitezela ere galdegiten dugu.