AMVISA (GASTEIZKO UDAL URAK)
ELAk salatu du Udalak eta enpresak ez dutela gatazka konpontzeko urratsik egin, bi hilabeteko greba mugagabearen ondoren

ELAk elkarretaratzea egin du gaur Gasteizko Plaza Barrian, Udalak eta AMVISA udal enpresa pribatuak gatazka konpontzeko borondaterik ez dutela salatzeko. Herritarrei arreta ematen duten langileak greba mugagabean daude azaroaren 18tik, baina Udalak oraindik ez du irtenbiderik bilatu nahi plantilla handitzeko, lanaldi osoak ezartzeko eta lanpostuetan egonkortasuna bermatzeko eskaeren aurrean.
Bost pertsonak ematen dute arreta publiko AMVISAn, % 75eko kontratu partzialekin. Langileek lanaldiak osoak izatea eskatzen dute, haien egoera eta ematen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Gaur egun, Bizkaiko Bulegoen Hitzarmena aplikatzen ari zaie (2010etik iraungita dagoena, eta ez du subrogatzeko eskubiderik. Hau da, beste enpresa batek zerbitzua esleituko balu, ez dago bermatuta pertsona horien enplegua eta litekeena da kaleratzea enpresa berrian kontratazio berriak egiteko). Gauzak horrela, hitzarmen propio bat eskatzen dute. Gainera, ELAk adierazi du azken urtean eta pixkanaka plantilla murrizten joan dela: 2024ko urtarrilean 8 pertsona zeuden plantillan; uztailean 7; eta irailetik aurrera eta gaur egun 6 daude. Lana biderkatu egin da eta langile gutxiagoren artean banatzen da, eta horrek prekaritatea eta zerbitzuaren kalitatea murriztea ekarri du.
Azarotik, greba mugagabea hasi zenetik, bilera bakarra adostu da eta azpikontratatutako enpresarekin hartu emanak egon arren, ez da inolako akordiorik lortu. Ez Gasteizko Udalak ez AMVISAk ez dute urratsik egin bilera gehiago deitzeko, eta ez dira ELArekin eta plantillarekin harremanetan jarri nahi izan.
Grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari da, eta Eusko Jaurlaritzak agindutako gutxieneko zerbitzuetan izendatutako pertsona bakarrik ari da lanean. Gauzak horrela, AMVISAn ez dago zuzeneko arretarik eta ez da egongo langileen aldarrikapenei erantzun arte. ELAk ondorioztatu du gatazkari irtenbidea eman beharrean, Gasteizko Udalak legez kanpo ordezkatzen ari dela grebalariak, dagoeneko Lan Ikuskaritzan salatu duena.
ELAk negoziazio bideak irekitzeko beharra berretsi du, eta Gasteizko Udalari eta AMVISAri hori gauzatzeko deia egin die. Sindikatuak gogorarazi du greba mugagabea ez dela amaituko akordio batera iritsi arte.