GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

ELAk salatu du zerbitzuak okerrera egin duela Diputazioaren onespenarekin

2024/06/12
ELAk bilera eskatu dio Foru erakundeari arazoari behingoz heltzeko. Egoiliar batzuek 15 ordu ematen dituzte ohean edo 14 ordu medikaziorik gabe. Beste gauza askoren artean, zenbait egoitzetan goizeko 6etan jaikitzen dituzte.

Gipuzkoako zahar etxeetako egoera larria da. Aldundiak ontzat eman zuen UGTk eta Adegi, Lares eta ACGG patronalek gutxiengoan sinatutako hitzarmena. Eraginkortasun mugatuko hitzarmen horrek arazoak baino ez ditu ekarri, gatazka luzatu eta larriagotu baitu, ez direlako jorratu sektorearen benetako arazoak, hala nola ratioen hobekuntza, %50eko partzialtasuna edo publikoa izan beharko lukeen eredua bera. Hitzarmenak iragarritako soldata igoerak ere ez dira zentro guztietan aplikatu.

Horren guztiaren berri eman dio ELAk Aldundiako ikuskaritzari, baina beste beste alde batera begiratzen jarraitzen du. Horri gehitu behar zaio 2025ean sektoreko hitzarmena negoziatu behar dela. ELAk, ordezkaritzaren %60rekin, dei egiten dio Aldundiari biltzeko eta sektorearen benetako arazoei aurre egiteko, pertsonak erdigunean izango dituen zaintza sistema lortzeko.

Gaur egun, Donostiako Villa Sacramento, Zumaiako San Juan, Errenteriako San Markosene eta Jesusen Bihotza adinekoen egoitzak mobilizatzen ari dira lan kargak salatzeko. Kasu askotan, zerbitzua kudeatzen duten enpresa pribatuek ez dituzte zentroko laguntzaileen lanpostuak betetzen. Ondorioz, ezinezkoa da lan kargei aurre egitea; hori guztia langileen osasunaren kontura. Egoiliar batzuek 15 ordu ematen dituzte ohean edo 14 ordu medikaziorik gabe. Beste gauza askoren artean, zenbait egoitzetan goizeko 6etan jaikitzen dituzte.