HONDARRIBIKO ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA

ELAk beste sei greba egun deitu ditu irailean

2024/09/11
Hondarribiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek borrokan jarraitzen dute, enpresa hitzarmena berritzeko negoziaketak blokeatuta jarraitzen dutelako.

ELAk sei eguneko greba deitu du Hondarribiko etxez etxeko laguntza zerbitzuan: irailaren 12, 13, 16, 17, 26 eta 27rako. Dagoeneko beste 12 greba egun eginak dituzte, hitzarmen berri baten alde. Soldata arrakalarekin amaitzea da aldarrikapen nagusietako bat. Izan ere, Udalerrian beste zerbitzuak ematen dituzten lorezain, polikiroldegi edo mantenimenduko langileak baino 8.000 euro gutxiagoko soldatak dituzte. Gainera, langileen gehiengoak borondatezkoak ez diren lan jardunaldi partzialak dituzte, eta egutegi finkorik ez dutenez, ez dakite hilabete bakoitzean zein soldata izango duten.

Udalak eskaintzen duen zerbitzu publiko bat izanik, langileek (denak emakumeak) euren lan baldintza eskasak salatuko dituzte grebaren bitartez, eta lan baldintzetan ere emakume eta gizonen arteko berdintasunen alde egin dezatela eskatuko diote Udalari.