ELAk sei orduko lanuztea deitu du Bizkaiko Esku-hartze Sozialean

2018/05/07
Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko sektoreak eraso larriak jasan ditu enpresen, patronalen eta erakunde plublikoen aldetik helburu jakin bati jarraiki: zerbitzuen sarea desegitea; lan-baldintzak prekarizatu; eta hitzarmena berritzeko negoziazio-mahaia oztopatu. Gogoratu beharrekoa da hitzarmena ez dela berritu 2016. urtetik.

ELAk sei orduko lanuzterako deialdia egin du maiatzaren 16rako. Horrela salatuko ditugu diru-sail publikoen etengabeko murrizketak. Izan ere, bide horretatik jarraituz gero, programak eta zerbitzuak ezin izango dira mantendu, eta gizarte-beharrizanak modu kaxkarragoan artatuko dira.

Gainera, murrizketa horiek eragin zuzena dute lanpostuen egonkortasunean, langileak kaleratuz, lan-baldintzak aldatuz, lan-prekarietatea ugalduz, eta, azken batean, zerbitzuak eta programak berak ere desagerraraziz.

Halaber, sektoreko patronalak ez daude prest hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko. Bide batez aipatzekoa da negoziazio honek ez dituela, besteak beste, sektorea duintasunez hornituko duen soldata igoerarik aztertu, ezta lan-osasunaren inguruko neurririk ere.

Era berean, erakunde publikoak dira sistematikoki aurrekontuetan murrizketak ezartzen dituztenak, nahiz eta horren ondorioak larriak izan lanpostuetan, lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean. Hori gutxi balitz, Zerbitzuen Karteraren aplikazioan nagusi den gardentasun faltak enpresa eta erakundeei bidea libre uzten die zerbitzu eta programak desegiteko.

Horregatik guztiagatik, ELAk dei egiten die sektoreko langile guztiei maiatzaren 16an kalera ateratzera, hurrengo lau puntu hauek bultzatzeko asmoz:

  • Egungo hitzarmenaren negoziazio-mahaia desblokeatzea.

  • Zerbitzuen Karteraren aplikazioari aurre egitea, enplegua bermatzearren.

  • Lan-Osasunean hobekuntzak lortzea.

  • Zerbitzu desberdinak barne hartzen dituzten dekretuak betearaztea.