ELAk sektore publikoko Icetaren Lege Proiektuari aurkeztutako zuzenketak publiko egiteko eskatu du

2021/09/24
ELAk sektore publikoko Icetaren Lege Proiektuari aurkeztutako zuzenketak publiko egiteko eskatu du
ELAk Hego Euskal Herriko talde parlamentarioei eskatu die Icetak sektore publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko asmoz abian jarritako Lege Proiektuari aurkeztutako zuzenketak publikoki azaltzea. Sindikatuak azpimarratu du zuzenketek bermatu behar dutela kontsolidazio-prozesuak egiteko oztopo guztiak ezabatuko direla, behin- behineko 70.000 langile publiko baino gehiagoren (15.000 Nafarroan eta 55.000 EAEn) lanpostuak bermatzeko.

Azken asteotan ELA alderdi politikoekin harremanetan egon da zuzenketetan honako neurri hauek har ditzaten eskatzeko:

  • Erreposizio tasak ezabatzea. Gure herrian enplegu publikoaren beharrak erabaki ahal izateko eta enplegu publikoaren suntsipenarekin eta prekaritatearekin behingoz amaitzeko. Enplegu publikoa sortzeko eta pribatizatutako zerbitzu publikoak lehengoratzeko.
    Euskal sektore publiko osoan benetazko kontsolidazio-prozesu bermatzaileak egiteko oztopo guztiak ezabatzea, langileek enplegua kontsolidatu dezaten.
    Egungo egoera etorkizunean berriro gerta ez dadin neurriak hartzea: zerbitzu publikoak langile publiko eta egonkorrekin hornitzen direla bermatzeko neurriak.

Bestalde, ELA hainbat bilera egiten ari da kolektibo eta erakunde sindikalekin, sektore publikoan mobilizazioa bultzatzen jarraitzeko, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langileek enplegua kontsolidatu dezaten, zerbitzu publikoak indartu eta pribatizaziorako atea itxi dadin.

Lege-proiektua Legebiltzarreko izapidean dago orain, zuzenketak aurkezteko epean; epe hori hiru aldiz luzatu da, nahiz eta proiektu honek presako prozedurari jarraitzen dion. Luzapen berri honekin, zuzenketen tramitea irailaren 29an amaituko da -beste atzerapenik ez badago-.