EUSKOTREN

ELAk txalotu du Auzitegi Nagusiak baliogabetu izana UGTk hizkuntza eskakizunak kentzearen aurkako eskakizuna

2024/10/02
Epaiaren arabera, UGTk inpugnatutako hizkuntza eskakizunak aurretik Euskotreneko hitzarmen kolektiboan ontzat eman zituen eta, ondorioz, ez du demanda aurkezteko zilegitasunik. ELAren ustez, UGTren euskararen eta gaztelaniaren ezagutzak parekatzearen aurkako “obsesioak” sindikatuak berak defendatutako aurreko posizioekin kontraesanak sortu ditu eta agerian utzi sindikatu horren “inboluzioa”.

Euskotreneko Hitzarmen Kolektiboaren 50. artikuluak zehazten ditu lanpostu bakoitzerako hizkuntza eskakizunak eta, era berean, hitzarmenak berak Euskara planari erreferentzia egiten dio, bertan jasotako irizpideei hitzarmenaren indarra emanez. Horren arabera, Euskotrenek hautaketa probetan eskatu du euskarazko B2 maila.

Horrela, Auzitegiak argi adierazten du egonkortze prozesuan barnebildutako euskara eskakizunak hitzarmenaren eta Euskara planaren aplikaziotik eratorritako eskakizunak direla eta, beraz, enpresak legea behar bezala aplikatu duela.  

Gainera, epaiak dio salaketa jarri zuen sindikatua, hau da, UGT, hitzarmenaren sinatzailea ere badela, baita Euskara Batzordeko partaide ere. Ondorioz, negoziazio kolektiboan ontzat emandako irizpideak epaitekietan inpugnatzea egozten dio.

Euskarak bizi duen egoera kontuan izanik, ELAk negoziazio kolektiboaren balioa azpimarratu du, hori baita askotan euskara eta euskaldunon eskubideak bermatzeko tresna. Kasu honetan ere, agerian geratu da euskararen normalizazioan hitzarmen kolektiboek izan dezaketen garrantzia. Zentzu horretan, ELAk, bai Euskotrenen, bai bertatik kanpo ere, negoziazio kolektiboa indartu eta Euskara planak bultzatzen jarraituko du, are eta gehiago sektore publikoan.