NAFARROAKO ZAHAR EGOITZAK

ELAk hitzarmena lortzeko aurrekontu-partidak eskatu dizkio Parlamentuari

2025/01/31
Euskal sindikatuak gerokultoreentzat 1.500 euro eta urtean 1.592 orduko lanaldia aitortzen dituen hitzarmena defendatu du.

Erresidentzien sektoreko ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Parlamentuaren aurrean hitzarmenaren alde. 22 greba egun baino gehiago egin ostean, mobilizazio ugariren ondoren, eta orain gutxi 3.600 sinadura baino gehiago aurkeztu badira ere Nafarroako Jauregian, talde parlamentarioek ez dute mugimendurik egin.

Zahar egoitzen sektorea diru publikoarekin finantzatutako sektorea da -nahiz eta enpresa pribatuek kudeatu-, eta, beraz, PSN, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta EH Bilduren erantzukizuna argia da, urtez urte Nafarroako Aurrekontuak hamarkada batez onartu dituztelako, langileei baldintza duinak bermatzeko diru partida nahikorik sartu gabe.

Mahai gainean dagoen proposamena patronalek 2022ko abenduan planteatu zuten bera da, eta sindikatu guztiek errefusatu genuen nahikoa ez zelako, hau da, 1.306 €/ hileko gerokultoreentzat eta 1.690h urteko jardunaldia.

ELAk sektoreko langileentzako eduki zehatzak aldarrikatzen ditu: hileko 1.500 euroko soldatak, urteko 1.592 orduko lanaldia, aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria % 100eraino kontingentzia arruntetan, eta hitzarmena egoitza guztietan aplikatzekoa izatea.

Sindikatuak dio hitzarmen bat sinatzea dela langileen bizitza hobetzeko modua. Ondorioz, ELAk ez du sinatuko langileek orain arte borrokatu duten edukiak jaitsi edo erlatibizatuko dituen hitzarmenik, eta gainerako sindikatuak ere ez egitera animatu ditu.

Sindikatuak mobilizazioekin eta grebekin jarraituko du, langileen baldintzak hobetuko dituen eta, azken finean, zaintza sistema ere hobetuko duen hitzarmen bat lortu arte.